}

Monopoloak ikusi nahian

1994/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hirurogeita hamabost metro luze, hamabi zabal eta bederatzi altu da Italian Gran Sasso-ko lurpeko laborategian kokatu duten “begi” erraldoia. Aparatuak “Macro” du izena (Monopole, Astrophysics and Cosmic Ray Obserbatory) eta uda honetan hasiko da martxan. Hamar urtean Macro-k edozein partikula kargatu jasotzeko modua izango duen arren, helburu nagusia monopolo magnetikoa detektatzea da, hau da, aurkitu nahi den partikularik exotikoenetakoa.

Gure munduan monopolo magnetikorik ez dago. Imana beti dipoloa izaten da (ipar eta hego poloak dituena), eta bi zati eginez gero, pusketa bakoitza ere imana izango dugu (hau da, ipar eta hego poloak dituena).

Gaur egun monopoloak partikula superrastun gisa aurkitu nahi dira. Izan ere, fisikako funtsezko lau eraginetako hiru (elektromagnetikoa, nuklear bortitza eta nuklear ahula) batzen dituzten teorien ondorioa da monopoloa. Bestetik, monopoloak karga elektrikoaren koantifikazioa esplikatuko luke, hau da, elektroiek edo protoiek, adibidez, karga elektrikoaren quantum edo kantitate berdina zergatik daukaten.

1983.ean Kaliforniako Standford-en Blas Cabrera ikerleak aparatu berezi batean monopolo bat detektatu zuela adierazi zuenez gero, asko hitz egin da gai honetaz. Orain ordea, monopoloaren ehizak beste munta bat du. Batetik detektore handia ezarri dute eta bestetik fisikari ugari arituko da proiektu horretan (ehundik gora italiar eta estatubatuar). Aparatua ezartzeko obrak 1989. urtean hasi ziren, baina oraindik ez dute monopolorik detektatu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia