Elhuyar zientziaren komunikazioa

Miren Bego Urrutia Barandika Fisiologiako doktorea

“Harrigarriena da ikustea jakintza irla baten modukoa dela”

2019/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Miren Bego Urrutia Barandika (Gernika, 1966) Fisiologiako doktorea da, eta 1998an hasi zen irakasle-lanetan EHUn, Biologiako ikasleei Animalien Fisiologiaren arloko ikasgaiak irakasten. Ikertzailea ere bada, eta, iaztik, Ikerketa Gizartera Zabaltzeko Zuzendaritzako arduraduna. Lanez gainezka dabilen arren, berehala eman dio baiezkoa elkarrizketa-eskeari. Hala ere, erantzunak ematean aitortu du galderak zailak iruditu zaizkiola; “bereziki, labur erantzuteko”. Beste une batean agian beste erantzun batzuk emango zituzkeela ere esan du. Orain, grinaz beteta erantzun die biei ala biei.

miren-bego-urrutia-barandika-harrigarriena-da-ikus
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Nire izaeragatik izango da, baina aurkikuntza handiek baino gehiago eragiten dit eguneroko lanak. Ez dut esan nahi komunikabideetan oihartzuna duten lorpen horiek ez nautenik hunkitzen, eta ez dut ukatzen serendipity-a izango denik, baina txiripak lanean ari zarela harrapatzen zaitu. Egunerokoan ari zarela, galdera egokiak egiten asmatzeak, hor dago gakoa.

Atzera begira, zirrara sortzen dit zenbat azkartu den zientzia. Izugarri azkartu da prozesua. Duela 30 urte, ni hasi nintzenean, ez zegoen Internetik, oso ordenagailu gutxi genituen, eta posta elektronikoa sekulakoa iruditzen zitzaigun. Zerbait ikertzen hasteko, informazioa biltzeko fasea, oso luzea eta zaila izaten zen; orain ditugun aukerekin, ikaragarri azkartu da hori, eta, hortik aurrera, prozesu osoa. Diziplinartekotasuna ere asko hazi da, eta eragin handia du.

Baina politena, harrigarriena da ikustea jakintza irla baten modukoa dela: galderak erantzun ahala, galdera berriak sortzen dira. Hala, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago zabaltzen da ez dakigunaren eremua; zenbat eta handiagoa irlaren azalera, orduan eta handiagoa perimetroa.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Erantzun nezakeen minbizia edo sendabiderik ez duten gaitzak sendatzeko gai izatea nahiko nukeela. Nahiko ez dut ba! Bereziki, garunarekin lotutako gaitzak, izaera aldatzen edo galarazten dizuten horiek… Baina lehen ere ikusi dugu asmo handiek ez dituztela erantzun guztiak ematen. Adibidez, Giza Genomaren Proiektua ikaragarrizko lorpena izan zen, baina oraindik ere ezagutzen ez ditugun alderdi asko daude, eta lehen genituen uste batzuk okerrak zirela ikusten ari gara… Brain proiektua ere izugarri interesatzen zait, baina horrekin ere antzekoa gertatuko da, seguru asko.

Hortaz, benetan nahiko nukeena da ikerketa gizartera zabaltzea eta gizartea zientzia-sistemako eragilea bihurtzea; hau da, jendeak eskatzea ikerketa gizartera zabaldu behar dela. Aldi berean, ikertzaileek uler dezatela beren ikerketak komunikatzea ez dela egiten duten lan guztiaz gain egin beharreko beste zerbait, baizik eta lanaren parte dela gardentasunez komunikatzea. Benetako iraultza ekarriko luke horrek.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia