}

"Mir"ek pakea esan nahi du

1987/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pixkanaka-pixkanaka sobietarren estazio espazial berria (Mir izenekoa) bere izkutuko sekretuak azaltzen hasi da.

Joan den urteko urrian Innsbrück-en ospatutako Nazioarteko 37. Astronautika-Kongresuan aditzera eman zenez, aurtengo lehenengo hilabete hauetan hasiko omen da estazioaren etengabeko okupazioa.

1. Amarratzeko pieza— 2. Soyuz T untzia— 3. Sarrera-ataka— 4. Besoaren ainguratze-puntua— 5. Amarratzeko albo-besarkadera— 6. Elkartze-sistemaren antena— 7. Langela— 8. Langelarako ataka— 9. Pilotai eta kontrol-postua— 10. Heldulekua— 11. Armairuak— 12. Eguzki-bateria— 13. Bizikleta ergometrikoa— 14. Lanerako mahaia— 15. Gela bakuna— 16. Komunak— 17. Lababoa— 18. Satelite bidezko komunikaziorako antena— 19. Luzetara amarratzeko besarkadera— 20. Entrenatzeko zolu higikorra— 22. Motore nagusietako bat— 23. Elkarketarako itua— 24. Motorearen blokea— 25. Pasatzeko atakaren estalkia— 26. Behaketa-leihatila— 27. Leihatilaren babesa.

Lotura anizkoitzeko portuari esker, estazioak 4 edo 5 modulu gehigarri onar ditzake. Modulu hauek aurrekaldean gurutze-itxura harturik amarratzen dira. Modulu hauetako bakoitza lan-eremu bati —astronomia, biologia, metalurgia, ..._ lotzen zaio. Modulu guztiak luzetarako ardatzaren norabidean atrakatu behar dira. Ondoren, eta beso luze baten bidez, estazioaren alboetara transferitzen dira.

Guztira, sei ibilgailu espazial dira; bi muturretan eta lau albotan kokaturik amarra daitezke. Lehenengo modulu espezializatua, X izpiko teleskopio bat eramango duena, uda honetan izango da amarratua.

Estazio berak bi gela handi dauzka; bata bizitzeko eta lan egiteko bestea. Mantenu- eta gidatze-lanak sei ordenadorek antolatzen dituzte.

Mir estazioa, Pluton jaurtigailu batek jarri zuen espazioan eta Saliout zaharrak baino zerbait handiago eta astuangoa da: 11,13 m luze; 4,2 m-ko diametro maximoa; 21 tona. Eguzki-panelek 29,73 m-ko zabalera dute eta eguzki-zelulek 76 m2 estaltzen dituzte. Atzekaldean estazioak bi motore nagusi dauzka; 300 kg indarrekoak. Hauek, orbita-aldaketarako erabiltzen dira. Gainera 14 kg-ko 32 erretrokohete dauzka estazioaren jarrera kontrolatzeko. Bertako eguratsa, presio normaleko aireaz osatuko da eta tenperatura 18-28°C bitartean aldatuko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia