Minbiziaren kontrako txertoa
2001/09/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko ikertzaileek ezusteko pozgarri baten berri eman dute irailaren 13ko Nature aldizkarian. David H. Raulet immunologia- irakaslearen taldeak gene-terapia sinple baten bidez tumoreak deuseztatzea lortu du.
Gakoa gene batean dago. Gene horrek proteina bat sortzen du, eta proteinak saguen sistema immunologikoa aktibatzen du.
Berkeley Unibertsitateko ikertzaileek gene kitzikatzailea minbizi-zeluletan injektatzen zuten eta zelulak laborategiko saguei ezartzen zizkieten. Hainbat minbizi-motarekin egin zuten froga, eta, kasu guztietan, saguen sistema immunologikoakzelulak suntsitu egin zituen. Baina ez hori bakarrik. Saguei gene kitzikatzailerik gabeko minbizi-zelulak injektatu zitzaizkienean, babes-sistema berriz ere aktibatzen zela ikusi zuten ikertzaileek. Saguen sistema immunologikoa aurretik emandako erantzuna gogoratu eta errepikatzeko gai izan zen, nahiz eta bigarren aldian gene kitzikatzailerik egon ez.
Hain zuzen ere, gogoratzeko gaitasun horretan datza txerto guztien oinarrietako bat, eta horregatik da hain interesgarria ikerketa hau. David H. Raulet-en hitzetan, saguen erantzuna bortitza eta ustekabekoa zen, minbizi-zelula guztiak, automatikoki, suntsituak izan ziren.
Txertoaren inguruan, Raulet baikor eta aldi berean zuhur agertu da. Izan ere, saio klinikoek esango dute hurbilketa hau gizakiarentzat baliagarria den ala ez.
Dena dela, badirudi faktore asko daudela. Aipatu bezala, txertoen oinarrizko eskakizunak betetzen ditu; gene bakarrarekin lan egiten du, beraz, nahiko sinplea da eta minbizi-mota askorentzat balio du; beraz, unibertsala izan daiteke.
Informazio osagarria:
http://www.eurekalert.org/pubnews.php
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia