Mina desberdin prozesatzen da emeen eta arren neuronetan

2022/03/28 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bizkarrezur-muineko neuronak Arg. NIH

Bizkarrezur-muineko neuronek mina desberdin prozesatzen dute emeetan eta arretan. Ondorio horretara iritsi dira Brain aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean.

Aspalditik ezaguna da gizonezkoek eta emakumezkoek mina desberdin sentitzen dutela. Baina, hala ere, minarekin lotutako ikerketa gehienetan karraskari arrak erabiltzen dira. Kasu honetan, arratoi eta gizaki ar eta emeen hezur-muineko ehunak aztertu dituzte laborategian, eta ikusi dute BDNF hazkuntza-faktoreak minaren seinalea anplifikatzen duela arratoi eta gizaki arretan, baina ez emeetan. Aldea hormonek eragiten dutela ere ondorioztatu dute; izan ere, arratoi emeei obarioak erauzitakoan, arretan bezala anplifikatzen du mina BDNF hazkuntza-faktoreak.

Ikertzaileek azpimarratu dute minaren kontrako botika berriak sortzeko oso garrantzitsua dela ongi ulertzea mina nola prozesatzen den, eta ezinbestekoa dela bi sexuen arteko diferentziak ikertzea eta kontuan hartzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia