}

Mikroorganismo artezaleak

2001/06/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Onddoentzat, bakterioentzat edo algentzat horma-irudi historikoak bizileku aproposa dira. Bai pigmentuak baita kolore-finkatzaileak ere elikagai egokia dira mikroorganismo horientzat; beraz, erraz ugaritzen dira. Ondorioa, ordea, kaltegarria da artearentzat eta, orain arte, zaharberritzaileek ez dute inolako laguntzarik izan.

Orain, Austriako Zientzia Fundazioak bultzatuta, Vienako Unibertsitateko Werner Lubitz eta bere taldekideak teknologia genetikoa erabiltzen ari dira mikroorganismo kaltegarriak antzeman eta identifikatzeko. Analisi-metodo berriari esker, ezagutzen ez ziren mikroorganismoak detektatu ahal izan dira, eta infestazioei aurre egiteko zaharberritzeko metodo aproposak erabiltzeko modua aurkitu da.

Mikroorganismoek erasotako horma-irudietan koloreak moteldu, azala harrotu eta orbanak azaltzen dira. Kalteen erantzulea bilatzeko elektroi-mikroskopioa erabili arren, batzuetan erruduna antzematea ezinezkoa zen. Lubitzen metodoarekin, berriz, mikroorganismoen ADNa detektatzen da horma-irudien laginetan. Mikroorganismoen % 0,1 baino gutxiago ezagutzen dela da arazo bakarra. Bestalde, metodoa erabiltzeko oso lagin txikiak behar direnez, azterketa egiteko ez da pintura kaltetzen. Gainera, beste metodoetan ez bezala, horretan ez dago mikroorganismoak laborategian hazi arte itxaron beharrik.

Dagoeneko, Styriako Herberstein gazteluko XIV. mendeko horma-irudietan erabili dute Lubitzen metodoa. Horri esker jakin ahal izan dute zein zen kolore-galera eragiten zuen mikroorganismo erruduna, eta irtenbide aproposa aurkitu ahal izan dute. Altamirako eta historiaurreko beste hainbat leize-zuloetako margoak gordetzeko ere baliagarria izan daitekeela uste da, espero ez ziren mikroorganismoak antzeman baititu Lubitzek toki horietan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia