Elhuyar zientziaren komunikazioa

Mikroformatuak, web semantikoaren aperitifa

2009/07/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurreko artikuluetan ikusi dugunez, web semantikoak, hau da, esanahizko marken bidez etiketatutako eta erlazionatutako elementuz osatutako Internet berri batek aukera berri mordoa irekiko ditu, baina hura inplementatzea neketsua eta konplikatua da, eta ez da berehalakoan iritsiko. Bitartean, ideia horren gainean gauzak egiten joan daitezkeela sinetsita, mikroformatuak sortu dituzte, egungo HTMLn oinarritutako sarean kontzeptu jakin batzuk semantikoki etiketatzeko bidea.

Mikroformatuak, web semantikoaren aperitifa
2009/07/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: Cindy Li/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera/ez merkataritzarako)

Web semantikoa ez bezala, mikroformatuak ez dira World Wide Web edo amaraunaren etorkizuna gidatzen duen W3C erakundearen eta haren zuzendari eta web-aren asmatzaile den Sir Tim Berners Lee-ren ekimen bat, internauten artean sortutako mugimendu bat baizik. Baina ez da web semantikoari kontrajarritako ekimena ere; hura iristen den bitartean ideia beraren gainean aurrerapausoak ematen joatea da mikroformatuen helburua.

Egungo HTMLko webean txertatuta

Web semantikoan, sare paralelo bat eraikitzea proposatzen da, esanahia adierazteko formatu egituratuetan kodetutakoa, eta, sare paralelo horretan, bestean aipatzen diren objektu, pertsona eta abar guztiak eta euren arteko erlazioak deskribatuko lirateke. Mikroformatuen mugimenduan, aldiz, kontzeptu jakin batzuk soilik etiketatzen dira semantikoki, erabilienak eta praktikoenak alegia, eta HTMLn dagoen egungo webaren baitan. Horretarako, HTML formatuak dituen etiketa eta atributu generiko batzuez baliatzen dira: div etiketa (orriko atalak ezberdintzeko erabilia), span etiketa (testu baten zatiak nabarmentzeko erabilia), class atributua (edozein elementu zein motatakoa den deskribatzeko erabilia) eta rel atributua (erlaziozko elementuetan erlazio mota definitzeko erabilia). Hala, etiketa horiei class eta rel atributuen balio jakin batzuk emanez definitzen da mikroformatu bat.

CSS estilo-orriak erabiliz, kode-zati hori erabiltzaileak edozein web orri bezala ikus dezan lor dezakegu, baina, informazioa egituratua dagoenez, makinek ulertu egin dezakete edukia.

Gauza askotarako mikroformatuak

(Argazkia: Christophe Ducamp/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera/ez merkataritzarako)

Mikroformatuen mugimendua ez da estandarrak definitzeko erakunde bat; http://microformats.org webgunearen bidez koordinatzen den komunitate ireki bat besterik ez da. Horko wikiak, posta-zerrendak eta abarrak erabiltzen dituzte mikroformatuak definitzeko, berriak sortzeko, eztabaidatzeko eta abarretarako, eta modu horretan definitu dituzte egun existitzen diren mikroformatuak.

Webgune horretan bertan ikus daitezke existitzen diren mikroformatuak edo erabakitze-fasean dauden proposamenak. Hauek dira garrantzitsuenetako batzuk: hCalendar , ekitaldientzat; hCard , pertsona eta erakundeen kontaktu-informaziorako; adr , posta-helbideentzat; geo , koordenatu geografikoentzat; hResume , curriculumentzat; hReview , kritika, aipamen, komentario eta puntuazioentzat; hRecipe , errezetentzat; hProduct , produktuak deskribatzeko; VoteLinks : bozketentzat; rel-license : zein lizentziarekin banatzen den adierazteko.

Beraz, webgune bat kudeatzen badugu, webgune horretako hainbat gauza (kontaktu-informazioa, ekitaldien egutegia...) mikroformatu bidez kodetu ditzakegu. Webgunearen HTML kodean edo programazioan zuzenean egin dezakegu, baina, bestela ere, gero eta web-garapeneko tresna gehiagok ematen dute aukera mikroformatuak kodetzeko: Drupal, Wordpress, Dreamweaver... Eta balidatzaileak ere badaude, ongi egin ditugun ikusteko.

Mikroformatuen erabilerak

Mikroformatuek milaka erabilera izan ditzakete. Adibidez, edozeinek nahiko erraz osa dezake hainbat webgunetan hCalendar bidez adierazita dauden ekitaldiak batuko dituen zerbitzu bat, eta eremuka antolatu geo mikroformatuaren informazioa aprobetxatuz... Programazio-lengoaia gehienek badituzte mikroformatuekin lan egiteko liburutegiak.

(Argazkia: -)

Gainera, jada badaude hainbat zerbitzu mikroformatuak erabiltzen dituztenak. Bilatzaile nagusiek lizentzia libreko edukiak bilatzea ahalbidetzen dute, rel-license mikroformatua erabiltzen duten webguneei esker. Google-k berriki jakinarazi du webguneetan hCard, hReview eta hProduct mikroformatuak detektatuko dituela, bilaketa-emaitza aberatsagoak eskaintzeko (Yahoo!-k egiten du hori, duela urtebetetik baino gehiagotik). Eta Firefox nabigatzaileak badu Operator izeneko plug-in bat, nabigatzen ari garen orrietan mikroformatuak detektatzen dituena; eta, haiekin, eragiketa aurreratuak egiten uzten digu: ekitaldiak gure agendara gehitu, kontaktu-informazioa automatikoki gure helbide-zerrendan sartu, koordenatu geografiko bat gure Tagzania-ko kontura eraman... Laster, horrelako aukerak zuzenean nabigatzailean integratuta etorriko dira.

Eta zalantzarik ez dago horrelako gero eta tresna eta zerbitzu gehiago sortuko direla. Web semantikoa iritsi bitartean, mikroformatuen bidez dugu semantikaren ahala dastatzeko aukera.

Leturia Azkarate, Igor
2
255
2009
7
034
Internet
Mundu digitala
46

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia