}

Menopausia goiztiarraren zergatiak argiago daude

2001/02/02 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Emakumeek nerabezaroan izaten dute lehenengo hilekoa eta 50 urteren bueltan azkenekoa. Baina zenbaiti normalean baino lehenago desagertzen zaie hilekoa.
Zehazki, emakumezkoen % 1ek menopausia goiztiarra sufritzen du, teknikoki obulutegiaren hutsegite goiztiarra deritzon sindromea. Obulutegien funtzionamenduaren akatsak direla-eta, obuluak sortzeari uzten diote oraindik oso gazte direnean. 40 urtetik beherako emakumeetan gertatzen da eta, besteak beste, umeak izateko gaitasuna galdu egiten dute.

Jatorri genetikoa

Sindrome honen zergatiak norberaren gorputzean daudela uste da, nahiz eta ikertzaileek oraindik ez duten argitu zer dela-eta gertatzen den. Kasuen % 70ean jatorria genetikoa izan daitekeela uste da eta oso posible da herentziazko sindromeaizatea. Beste zenbait kasutan, berriz, okerreko portaera immunologikoei egotzi ahal zaio. Donostiako Quiron Ospitaleko Miren Mandiola doktoreak Elhuyarri adierazi dionez, ezjakintasun handia dago menopausia goiztiarraren inguruan, ikerketak egiten badira ere. Urrutira gabe, Italiako ikertzaile-talde batek atzo argitaratu zuen Nature genetics aldizkarian menopausia goiztiarraren jatorri genetikoa non egon daitekeen. 3. kromosomako eskualde txiki batera mugatu dute ikerketa. Bi gene posible aztertu dituzte eta menopausia goiztiarrak gene horietako baten mutazioekin lotura izan dezaketela ikusi dute. Gene hori eta hori bezalakoak gorputzaren garapenean garrantzia handia duten hainbat proteinari dagozkie, eta askok tumoreekin eta herentziazko zenbait disfuntzioekin zerikusia dutela ikusi da.

Dena dela, bidearen hasiera da, ez amaiera. Mandiola doktoreak azpimarratzen duenez, "menopausia goiztiarraren jatorri genetiko zehatza ulertzeko asko falta da oraindik eta, egunen batean ulertzen badugu ere, agian ez da hura saihesteko tratamendu genetikorik egongo". Izan ere, jatorriak ez du zertan gene bakarrean egon eta horrek asko zailtzen du guztia.

Dena dela, baliteke menopausia goiztiarra aurreikusteko modua bide horretatik heltzea. Orain ez dago emakume batek menopausia goiztiarra sufrituko duen ala ez iragartzeko modurik, "horretarako etengabe analisi hormonalak egin behar liratekeelako, eta hori ez da erreala" dio Mandiola doktoreak, "emakume batek ez baitu zertan susmatu menopausia uste baino lehenago iritsiko zaionik. Ustekabean ailegatzen zaio eta behin konturatu denean, beranduegi da ezer egiteko". Aurreikusterik balego, ordea, amatasuna programatzeko aukera eskuratuko lukete emakume horiek.

Ordezko tratamenduak

Umeak berez sortzeko ezintasunaz aparte, menopausiari berezkoak zaizkion bestelako kalteak jasan behar dituzte emakume horiek. Besteak beste, osteoporosia bortitzak sufritzeko arriskua. Horregatik, ama izan nahi ez badute ere, ezinbestekoak dituzte hormona bidezko tratamenduak.

Bestalde, menopausia goiztiarra sufrituta ere, ama izatea ez da ezinezko ametsa. Emakume horiek umetokia izan badute eta, beraz, norbaitek obulu bat emanez gero, obulua laborategian ernal daiteke eta gero umetokian ezarri. Metodoa nahiko arrunta da lagundutako ernalketarako unitateetan, obulua lortzea da arazo handiena. Quiron-en esaterako, 30 bikote daude obulu baten zain. Mandiola doktoreak obulu emaileak aurkitzeko zailtasunak izugarri handiak direla azpimarratu dio Elhuyarri, esperma ematea baino korapilotsuagoa delako beharbada. Bikote askok guztiz beharrezkoa dute, ordea, guraso izateko. Guraso biologiko izateko, noski.

Egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia