Meningitisa aurre hartu eta sendatu
1997/07/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer da meningitisa?
Hitzak berak dioen bezala, meningitisa meningeetako inflamazio bat da, hau da, entzefaloa (garuna) eta orno-muina (bizkarrezurraren barruko gai nerbiosoa) estaltzen dituzten mintzen hantura. Inflamazio hori arrazoi desberdinak direla medio ager daiteke: bakterioak izan daitezke infekzioaren erantzuleak (esaterako, meningokokoa, neumokokoa, Koch-en baziloa, etab.), baina baita birusak eta onddoak ere; germen sortzailearen arabera kasuaren grabetasuna oso aldakorra izaten da, gainera. Meningitis meningokozikoa, adibidez, eta hauxe da azken hilabeteotan hainbeste esames eta hizpide eman duen barietatea, meningokokoek eragindako infekzioa da eta grabeenetakoen artean kontsideratzen da.
Gaitza 6 hilabetetik 6 urtera bitarteko haurretan agertzen da gehienbat eta ondoren datoz adoleszenteak eta soldadutzan dauden gazteak. Helduen artean, arriskurik gehieneko taldeak zaharrak, alkoholikoak eta diabetikoak dira. Meningitisa arnasbidez transmititzen da, baina bakterioak oso erraz suntsitzen dira ingurugiro naturalean (beste era batera esanda, oso erresistentzi maila eskasekoak dira). Bestalde, gaitza normalean nahikoa erraz diagnostika daiteke eta horrexegatik, atentzio goiztiarra pazientearen aldeko beste faktore bat da, horrelakoetan arazorik gabe eta inolako sekuelarik gabe sendatzen baita.
Zenbat meningitis-mota daude?
Lehen ikusi dugu germen sortzaileari begira bakterioek, birusek eta onddoek sortutako meningitisak bereiz daitezkeela. Eta bakterioengatikoetan, meningitis meningokozikoa da gehien ugaritu dena gure artean azkenaldian.
Duela denbora gutxira arte, meningitis meningokozikoen artean ohizkoena B tipokoa zen, baina gaur egun C tipokoa da gehien ikusten dena. Eta zorionez, aurrekoak ez bezala, C motako meningitis honek badu prebentzio-modu erraz bat txertoarekin, gero ikusiko dugun bezala.
Txertoa: norentzat?
Gaur egun bada merkatuan meningitis-mota baten kontra, C motako meningitis meningokozikoaren kontra hain zuzen ere, babesa ematen duen txertoa, bere eraginkortasuna kasurik hoberenean, % 90ekoa “besterik” ez den arren (helduengan % 90ekoa da, umeengan eragin gutxiago du eta ez du eraginik bi urtetik beherako haurrengan). Kontuan hartu behar da beste txerto batzuen eraginkortasuna (hepatitisaren edo polioaren aurkako txertoena, esaterako) % 100ekoa dela.
Madrilgo komunitatean egondako broteak ikaragarrizko alarma piztu zuen eta horren ondorioz, joan zen otsailaren 14an 6 hilabetetik 19 urtera bitarteko populazioaren txertaketa masiboari ekin zitzaion Villareso de Salvenés izeneko herritxoan, horrelako neurriak beste Komunitate Autonomo batzuetan ere errepikatu direlarik ondoren. Euskal Herriko Komunitate Autonomoan, Aiara-Galdakao bailaran 2-20 urte bitarteko guztiak txertatu ziren martxoaren hasieran martxan jarritako kanpainaren barruan.
Dena den, agintari sanitarioek (Madrilgoek aurrena, eta baita gainerako autonomietakoek ere segidan, gure kasuan Azkuna jauna izan da behin eta berriz komunikabideetan gaia “baretu” nahian ibili dena; besterik da lortu duen, edo emandako mezua egokia izan den moduan, unean edota baita edukian ere) argi eta garbi esan dute egoera ez dela arrisku-maila altukoa ezta kezkatzeko modukoa ere. Hala eta guztiz ere, Behaketa Epidemiologikoko Zerbitzuek, maila estatalekoek eta autonomikoek, joera sendotu egin dela ikusi ahal izan dute, kasu-kopuruaren gorakadari dagokionez. Honek epidemien arteko denboraldi batean egon gaitezkeela pentsarazteko modua iradokitzen du agian eta, 70 eta 80.eko hamarkadetan gertatu bezala, fase epidemiko batean sartzear gaudela.
Arriskua ez da maila larrietara iritsi, ikuspegi epidemiologiko orokorretik eta hala ere, arrisku hori gehitu den lekuetan txertaketa orokorra gomendatu da neurri prebentibo gisa. Gainerako lekuetan, zalantza edukiz gero, onena oheburuko medikuarengana edo pediatrarengana jotzea izaten da eta espezialistak baloratuko du kasu bakoitza, txertoa jartzeko premia ere kontuan hartuz.
Bestalde, ume batek edo adoleszente batek infekzioa eduki dezakeela pentsarazten digun sintomarik txikiena agertuz gero, larrialdietako zentroren batera jotzea komeni da; bertan medikuek beharrezko proba guztiak egingo dizkiote umeari nahiz gazteari, beldur hori konfirmatuz edo baztertuz. Puntu honetan, hobe baita medikuarengana joatea zalantzarik txikiena baldin badago, ez egin eta ondoren horregatik kexatu eta penatzea baino.
Laburbilduz, eta denborak ematen duen ikuspegiarekin esango nuke administrazio sanitarioak eman duen informazioa egiazkoa izan dela —erregistratutako gaixotasun-kasuek ez baitute populazioaren alarma eta komunikabideen “iskanbila” hura justifikatzen—, baina agintari sanitarioek ez zuten informazio hori garaiz kaleratu eta hasierako isiltasun ofizial horretan bila daiteke alarma-erreakzio horren iturria edo sorburua.
Detekzio goiztiarra, ezinbestekoa sendatzekoMeningitisa sendatzeko neurririk garrantzitsuena sintomen detekzio goiztiarra da, horrekin diagnostiko egokia egin daitekeelako eta ondoren gaixoari behar duen tratamendu antibiotiko egokia ematen zaiolako. Gaitza garaiz diagnostikatzen bada, meningitisa sekuelarik gabe sendatzen da. Sintomak
Tratamendua Behin gaixotasuna diagnostikatu ondoren, medikuak tratamendu antibiotiko egokia jarriko du. Meningitis meningokozikoak jota dagoen pazientearen senideek eta hurbileko pertsonek ere tratamendu prebentiboa hartu behar dute antibiotikoekin. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia