Meme hitzaren jatorria

2020/10/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Meme hitza azken urte hauetan ikasi dut. Hitz xelebrea da, fonetikoki ere bai: meme. Eta kalean ikasitakoaren arabera definitu beharko banu, esango nuke meme bat dela internet bidez zabaltzen den txantxa, broma, txorakeria bat! Denok daukagu horietako baten bat gogoan, ezta? Katu bat politikari ospetsu baten buruarekin zentzugabeko esaldi baten ondoan, adibidez, eta mota horretako gauzak. Egunero iristen zaizkigu horrelakoak. Whatsapp, twitter, facebook eta antzeko beste asko, neurri batean, horrelako memez osatuta daude. Bada, meme hitza zientzia-dibulgazio liburu batetik dator.
Richard Dawkins Arg. Matthias Asgeirsson CC BY-SA 2.0

Liburu ospetsua da, gainera. Gene berekoia (The Selfish Gene), Richard Dawkins biologo eta dibulgatzaile britainiarrak idatzia, 1976an. Liburu hori iraultza bat izan zen. Dawkins eboluzioaren gaian da aditua, eta testu horretan, hain zuzen, eboluzioaz idatzi zuen geneen ikuspuntutik. Eta liburu horretan definitu zuen lehen aldiz meme hitza. Orduan, zer da meme bat, Dawkinsek definitu zuen moduan?

Izan gaitezen orain pixka bat aspergarriak, pixka bat teknikoak. Dawkinek definitu zuenaren arabera, meme bat da pertsona batetik bestera transmititzen den informazio-unitate bat, alegia, kulturaren esparruko edozein informazio hartuta, informazio horren unitate txikiena da memea. Gene eta meme hitzak fonetikoki antzekoak dira, eta hortik abiatuta jolastu zuen hitzekin eta definitu zuen kontzeptua. Azken batean, genea da herentziak transmititzen duen informazioaren unitatea, eta memea gauza bera, baina kulturaren arloan. Memetika ere definitu zuen, genetikatik abiatuta.

Dawkinsen meme hitzak berezko bide bat egin du, eta gure kaleko hizkuntzara egin du salto. Bitxia da zientziak zer ekarpen egiten dituen kaleko hizkuntzan. Birus hitza ere sartu zen informatikaren erreinuan (birusek leku guztietara egiten dutelako salto). Eta birus hitzetik biral hitza sortu zen. Erraztasun handiz teknologiaren bitartez zabaltzen den zerbait birala da. Hitzek esparru berriak kolonizatzen dituzte, eta erraz konbinatzen dira. Beraz, pozik nago. Dibulgatzaileok  hizkuntzan ere baitugu nolabaiteko eragina. Gaur egun, zeinek ez du ulertzen zer den meme biral bat?

Mikrobiologia informatikoa kaleraino eramanda. Bitxia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia