Elhuyar zientziaren komunikazioa

Mediku-ikerketak Everesten gailurrean

2007/04/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Britainia Handiko mediku-talde bat Everestera abiatu da, giza gorputzak garaiera handietan nola erantzuten duen aztertzeko. Asmo horrekin inoiz antolatu den espedizio handiena da, eta emaitzak gaixo larriak tratatzeko lagungarriak izatea espero dute.

Xtreme Everest espedizioak helburu medikuak ditu.
(Argazkia: Cadwell Xtreme Everest)

Espedizioa martxoaren 17an abiatu zen Londrestik, eta partaideek apiril osoa emango dute kanpamentu nagusian, 5.300 metroko garaieran, esperimentuak egiten. Medikuez gain, berrehun boluntariok ere egingo dituzte probak, eta ikertzaile-talde txiki bat, berriz, tontorrera joatekotan da maiatzean, han ere probak egiteko.

Espedizioak xede zientifikoa badu ere, nolabait, ikuskizuna ere bada. BBCk , adibidez, espedizioari buruzko Xtreme Everest dokumentala emango duela udazkenean aurreratu du. Bitartean, ia zuzenean eta hainbat bidetatik (irratiz, telebistaz nahiz Internetez), espedizioari jarraipena egiteko aukera ematen du. Interneten, esate baterako, kanpamentu nagusira iritsi baino lehen, partaideren batek dagoeneko adierazi du nekea eta arnasa hartzeko zailtasuna sentitu dituela.

Baina horixe da espedizio honen helburua; komunikabideetan egotea lagungarria izango da espedizioa aurrera eramateko dirua lortzeko, baina, berez, oxigeno-gabeziaren ondorioak aztertu nahi dituzte, gero, oxigeno falta duten gaixoak tratatzeko bide berriak aurkitzeko. Eta Everest mendia laborategi paregabea da oxigeno-gabeziaren eragina neurtzeko.

Laborategi naturala

Garaierak eta ariketa fisikoak organismoan duten eragina neurtzen.
(Argazkia: Cadwell Xtreme Everest)

Mendian gora egin ahala, aireak itsas mailan duen oxigeno-kontzentrazio berbera du, % 21, baina atmosferaren presioa eta dentsitatea gutxitu egiten dira. Horren ondorioz, itsas mailan baino oxigeno gutxiago heltzen da biriketara. Zelulek behar baino oxigeno gutxiago dutenez, hipoxia izateko arriskua sortzen da, hau da, zirkulazio-aparatuan, arnas aparatuan eta garunean arazo larriak agertzeko arrisku handia dago.

Antzeko zerbait gertatzen zaie zaintza intentsiboetan dauden paziente askori. Sarritan, gaitz baten edo bestearen erruz odolean oxigeno gutxiegi dutelako egoten dira hain larri. Espedizioko mediku eta erizain gehienek zaintza intentsiboetan egiten dute lan; hortaz, Everesten gora egin ahala nabaritzen dituzten aldaketak ardura bereziz aztertuko dituzte, hortik pazienteentzat ondorio onuragarriak ateratzea espero baitute.

Beharbada, batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari zergatik ez dituzten egiten proba horiek laborategian. Izan ere, badaude oxigeno gutxiko atmosfera nahierara simulatzen duten ganberak. Alabaina, espedizioaren antolatzaileen esanean, ikerketa handia denez, zehatzagoa eta praktikoagoa da mendian egitea, laborategian aritzea baino.

Batetik, zenbat eta parte-hartzaile gehiago izan esperimentu batean, orduan eta errore txikiagoa dago emaitzetan. Espedizio horretan, berrehun kidek baino gehiagok parte hartzen dute, emakumezkoak zein gizonezkoak, eta adin guztietakoak. Tartean, 6-13 urte bitarteko bederatzi haur ere izango dira kanpamentu nagusian.

Bestetik, parte-hartzaileek asteak emango dituzte mendian, eta ganbera batean hainbeste denbora igarotzea ikaragarri zaila da. Hala ere, espediziokoek erabili dituzte halako ganberak, arnasa hartzeko aparatuak, maskarak, neurgailuak eta bestelako tresnak probatzeko.

Azterketa bereziak

OrEveresten tontorrean ere egingo dituzte mediku-azterketak.
(Argazkia: Cadwell Xtreme Everest)

Dena dela, osasun-azterketak garaiera handian egitea ez da itsas mailan egitea bezain erraza. Esaterako, espediziokoek odoleko oxigeno-kontzentrazioa neurtu nahi dute Everesten gailurrean, baina badakite ez dela ospitalean bezain erraza izango.

Mendi-tontorrean , odolak presio altuan zirkulatzen du pareta meheko arterietatik, eta zero azpiko tenperaturekin eta kondizio aldakorrekin, odola ateratzea zaila eta arriskutsua ere bada. Besteak beste, tronbosia edo odol-jarioa eragiteko arriskua dago. Hori saihesteko, neurri bereziak hartuko dituzte.

Kanpamentu nagusian, berriz, ez da hain zaila izango odol-laginak hartzea. Hala, boluntarioen oxigeno-kontzentrazioa neurtuko dute, gorputzaren atal desberdinetako ehun eta arterietan, ariketa egiten duten bitartean, gorputzak odola nora bideratzen duen jakiteko.

Odolaz gain, birikak ere aztertuko dituzte. Hain zuzen, oxigeno faltagatik biriketako edema sortzea nahiko ohikoa da garaiera handietan; ez bada garaiz tratatzen, heriotza sor dezake. Zer geratzen den aztertzeko, ekokardiografo bat erabiliko dute. Tresna horren bidez, bihotzaren eta hara iristen diren hodi nagusien odol-fluxua ikusiko dute, eta birikei nola eragiten dien ikertuko dute.

Noski, garuna ere izango dute ikergai. Askoren ustez, altueretako gaitzaren sintoma asko garuneko edemaren ondorio dira. Garuna handitu egiten denez, ez da garezurrean sartzen, eta horrek buruko min handia, oreka-galera eta azkenean heriotza sortzen ditu. Espedizioko medikuek garezur barruko presioa neurtuko dute, eta infragorri-espektrometria erabiliko dute garunaren oxigeno-maila aztertzeko.

Azkenik, azterketa genetikoak egingo dituzte, kondizio gogorretan irauteko abantaila ematen duten geneen bila. Mendizaleen DNA ez ezik, Tibeteko biztanleena ere ikertu nahi dute, jakiteko zerk egiten dituen hain ‘gogorrak’.

Espedizio handia da, asmoa ere bai. Orain, emaitzak espero bezain baliagarriak izatea besterik ez da falta.

Gara-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia