}

Math 1 genea eta zelula amen diferentziazioa

2002/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Howard Hughes Mediku Institutuko eta Baylor Medikuntza Fakultateko ikertzaileek Math 1 izeneko genearen eginkizunak aztertu dituzte. Orain baino lehen, gene horrek neuronen diferentziazioan duen garrantzia ikusi zuten; horregatik, hesteetan ere parte hartzen zuela jakin zutenean, hango nerbio-sistemarekin erlazionatuta egongo zela pentsatu zuten.

Alabaina, hesteetako nerbio-sisteman ez zuten gene horren adierazpenik aurkitu; bai, aldiz, hesteetako epitelioko hiru zelula motatan. Genetikoki eraldatutako saguekin egindako ikerketari esker ikusi dutenez, jana mugitzeko behar den mukia jariatzen duten kaliza-formako zelulak, peptido erregulatzaileak jariatzen dituzten zelula enteroendokrinoak, eta mikroorganismoen aurkako peptidoak jariatzen dituzten Panethen zelulak dira Math 1 genea adierazten dutenak. Bestalde, enterozitoek, hau da, elikagaien absortzioan parte hartzen duten zelulek, ez dute Math 1 genearekin zerikusirik.

Ikerketa horrek hesteetako gaixotasunak sendatzeko bide berriak bilatzea ahalbidetzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia