Materia ilunaren zantzutzat jo izan den seinalea baztertu dute

2020/03/26 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Materia ilunaren deskonposizioa egotekotan, Esne Bidearen erdigunearen inguruan X izpien isuria ikusi beharko litzatekeela diote. - Arg. Christopher Dessert, Nicholas Rodd, Benjamin Safdi, Zosia Rostomian, Fermi Large Area Telescope.

Partikulen fisikaren hainbat ereduk proposatu izan dute materia iluna pixkanaka deskonposatu eta materia arrunt bihur litekeela, eta prozesu horretan fotoiak askatu litezkeela. Hala, proposatu izan da zenbait galaxiatan ikusitako 3,5 kiloelektronvolteko X izpien isuri-mota bat izan zitekeela horren froga. Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek, ordea, ezeztatu egin du hori hala denik. Ikerketaren arabera, hainbat galaxiatan eta galaxia-kumulutan hauteman den X izpien seinale bat ez da materia ilunaren deskonposizioaren ondorioa.

Hipotesia egiaztatzeko edo ezeztatzeko, ikertzaile-taldeak Esne Bidean antzeko zerbait gertatzen ote den argitu nahi izan du. XMM-Newton teleskopioaren bidez, ikertzaileek urtebeteko behaketa egin dute, galaxiaren haloari begira. Beste motatako X izpien isuritik libre dauden eremuei erreparatu diete, baina ez dute isuri-mota horren aztarnarik aurkitu.

Grabitazioari lotutako behaketek ondorioztatzen dutenez, unibertsoaren % 80 materia iluna da, baina momentuz astrofisikariek ezin izan dute azaldu materia mota hori zertan datzan. Hortaz, materia iluna aurkitzeko ahaleginetan jarraitzen dute adituek.

 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia