}

Matematikaren Munduan CD-ROM berria

2002/06/20 Arana, Irune - Marketin sailaElhuyar Fundazioa

Elhuyarrek Piratekin matematikaren munduan 2 CD-ROMa aurkezten dizu. Sei CD-ROMez osatutako sail bateko parte da hau.

Sei CD-ROMez osatutako saila da Matematikaren munduan izenekoa. Guztiak Lehen Hezkuntzako gaztetxoei zuzenduta daude. Hiru CD-ROM matematika lantzeko dira eta beste hiru euskara lantzeko. Matematikako lehena eta hizkuntzako hirugarrena kalean daude; iaz kaleratu ziren Matematikaren munduan 1 (5-8 urte) eta Hizkuntzaren munduan 3 (10-12 urte).

Oraingo honetan, Elhuyarrek Piratekin matematikaren munduan 2 CD-ROMa aurkezten dizu. Baina gure asmoa aurrera jarraitzea da. Horrela, urte bukaerarako, Hizkuntzaren munduan 1 eta 2 kalean izango dituzu, eta datorren urtearen hasieran saila osotuko dugu, Matematikaren munduan 3 CD-ROMarekin.

PIRATEKIN MATEMATIKAREN MUNDUAN 2

CD-ROM berri hau bost jokoz osatuta dator eta horietan hainbat egoera biziko ditu haurrak piraten laguntzarekin:

  • Pirata-ontziko pasabidetik marrazoetara bota nahiko dute, eta hori ekiditeko eragiketa matematiko batzuk egin beharko ditu.
  • Edo Arabiako merkatu batean erosketak egiteko, hainbat magnitude bereiztu eta ordenatu beharko ditu.
  • Jokoz joko bidaiatzeko erabiltzen duen ontzia erasotu egingo dute, izango da eta beste ontziek botatzen dizkioten kanoikadetatik babestu beharko du eragiketa matematikoen bidez.
  • Oihanean dagoen sakana zeharkatzeko zubi bat eraiki beharko du, horretarako egurrak behar bezala moztuz, eta bide batez zatikiak erabiliz.
  • Geometria lantzeko aukera ere izango du labirintotik ihes egin nahi badu.

CD-ROM hau lehen hezkuntzako bigarren zikloa ikasten ari diren haurrek erabiltzeko dago prestatua, hau da, 8-10 urte bitarteko haurrentzat, eta erabilerako gida didaktiko bat ere badu irakasle zein gurasoentzat erabilgarri.

Joko guztietan hiru zailtasun-maila egongo dira. Zailtasun-mailaren arabera, egin beharreko matematika eragiketak zaildu egingo dira kasu batzuetan, edo ariketa-mota aldatu egingo da beste batzuetan.

Erabiltzaileak, behar duen kasu guztietan, kalkulagailu berezi bat izango du eskura, eta baita ordenagailuak berak eskaintzen dion laguntza ere. Egituraketa aldetik, Piratekin matematikaren munduan II bost jokok osatzen dute eta joko bakoitza ikono batez adierazita dago:

KORTSARIOAK BORROKAN

Kortsarioek hondora bota nahi dute pirata-ontzia. Zure esku dago hori galaraztea! Horretarako, eragiketa bat agertuko zaizu pantailan, eta botatzen dizkizuten kanoikadetan emaitza zuzena hautatu beharko duzu. Ongi egiten baduzu, kanoi-bala kortsarioen aurka joango da, baina, gaizki eginez gero, pirata-ontziari joko dio zuzen-zuzenean. Ongi apuntatu!

MERKATUAN

Merkatura joan zara hainbat gauza erostera, baina merkatariek nahasi egiten zaituzte. Lehenik, agertzen den galderari dagokion erantzuna hautatu beharko duzu hiru postuen artean. Merkatari bakoitzak hainbat tresna erakutsiko dizkizu, baina galderarekin zerikusia duena bakarrik hautatu beharko duzu galdera bakoitzean. Ondoren, eskatuko zaizun ordenaren arabera jarri beharko dituzu merkatariak gurdian. Erostera animatzen al zara?

ZUBIA ERAIKI

Lubakiaren alde batetik bestera pasa nahi duzu, baina horretarako zubi bat behar duzu! Trontzalariek zubia eraikitzeko laguntza eskainiko dizute eta behar dituzun enborrak moztuko dituzte. Enbor egokiak hautatu eta behar duten tokitik mozten badituzu, pixkanaka zubia eraiki ahal izango duzu; horrela, lubakiaren beste aldera pasatzea lortuko duzu. Animo!

MARRAZOETARA!

Zer egin diozu kapitainari zurekin horrela haserretzeko? Marrazoetara bota nahi zaitu, eta marinelei ez zaie asko inporta. Baina ontzian agertuko diren eragiketen emaitzetatik zuzena hautatuz gero, berriro ontzira itzuli ahal izango zara. Hobe duzu asmatzea!

LABIRINTOAN GALDUTA

Gaztelutik ihes egin ahal izateko, labirintoa zeharkatu beharko duzu lehenik. Hori ez da hain erraza, ordea! Pirata batetik bestera mugitzeko, pantailan dituzun geziak erabili beharko dituzu, eta labirintoa zeharkatu ahal izateko, krokodiloak, sugeak, munstroak eta beste hainbat tranpa pasa beharko dituzu. Horietako bakoitzera iristean, galdera bati erantzun beharko diozu. Ongi erantzunez gero, aurrera jarraitu ahal izango duzu; bestela, ezingo zara pasatu. Kontuz bidean galdu gabe!

Piratekin matematikaren munduan 2 CD-ROMa Elhuyarrek egindako produktua da. Horrez gain, jakin ezazue helduentzat eta umeentzat bestelako hainbat multimedia-produktu aurkituko dituzuela Elhuyarren denda elektronikoan .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia