}

Martitzen bizi

1989/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Robert Haynes biologoak esan du, Martitz planetak lurtarren esfortzuari esker, bizia ezagutu dezakela.

Paisaia Lurreko desertukoena baino idorragoa da, batezbesteko tenperatura -40°C-koa da eta atmosferaren %98 karbono(IV) oxidoa da. Martitzen irudia da hori eta ez dirudi guk ezagutzen dugun bizia gartzeko toki egokia denik. Baina lurtarren esfortzuari esker planeta honek bizia ezagutu dezake. Torontoko unibertsitateko Robert Haynes biologoak hori pentsatzen du bederen.

Hori lortzeko, teknologiaren zati bat existitzen da jadanik injinerutza genetikoaren alorrean. Genetistak organismo bizidunen ahalmenak aldatzeko gai badira, mikroorganismoak Martitzen bizitzeko gai izan arte alda ditzakete. Hotza jasango duen, bere oinarrizko metabolismorako karbono(IV) oxidoa erabiliko duen eta hezetasun handirik eskatuko ez duen (Martitzeko atmosferan ur-lurrinaren proportzioa %0,03 da) bakterioa fabrikatu beharko litzateke.

Gero bakterio hauek Martitzen erein eta beren lana egin dezaten utziz, planeta gorriaren egoera asko aldatuko litzateke. Uste denez, horrelako bakterioek Martitzen egoera erabat aldatuko lukete belaunaldi gutxiren buruan. Oxigeno-tasa, tenperatura eta ur-lurrinaren proportzioa, igo egingo lirateke eta gizakiak Martitzen gainazalean ibiltzeko ez lituzke egun erabiliko lituzkeen jantzi astunak erabili beharko. Jantzi arinak nahikoa izango lirateke.

Hala eta guztiz ere, arazoa ez da horren erraz eta zuzena eta horrelako zerbait egin baino lehen, azterketa sakonak eta zehatzak guztiz beharrezkoak dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia