Marten lurrikarak detektatu dituzte

2020/02/25 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

InSight zundaren sismometroak lurrikara ugari detektatu du Marten, eta, uste guztien aurka, planeta gorria sismikoki aktiboa dela frogatu du. Irudian, Marteren azaleko geruzen irudikapena. Arg. IPGP/Nicolas Sarter

InSight zunda Marteko azalera iritsi zenetik, 174 gertaera sismiko identifikatu dituzte NASAko ikertzaileek, horietatik batzuk 3-4 mailako lurrikarak. 2018ko azaroaren 26an iritsi zen zunda Elysium Planitia eremuko krater txiki batera, eta handik detektatu du planeta gorriko aktibitate geologikoa.

Orain arte, oso zalantzan jarri izan da Martek aktibitate sismikoa izan zezakeenik. Argi dago garai batean izan zuela, eguzki-sistemako sumendirik handienak baititu planetak –Olinpo mendiak, esterako, 20 km-ko altuera du, Everesten bikoitza–. Baina uste zuten Marteren tamaina txikiagatik, Lurra baino azkarrago hoztu eta bere aktibitate geologikoa desagertuz joan zela aspaldi. Orain, InSighten datu berriek egungo lurrikarak jarri dituzte agerian, jatorri tektonikoa dutenak. Hortaz, frogatutzat eman da Marte sismikoki aktiboa dela.

Planetaren atmosfera, haizeteak eta magnetismoa ere aztertu ditu InSightek, eta Nature Geoscience aldizkariak argitaratu ditu emaitza guztiak, bost artikulutan. Esaterako, Marteren eremu magnetikoa uste zena baino hamar aldiz handiagoa dela argitu dute. Ikertzaileen arabera, eremu magnetiko fosilak lirateke orain detektatutakoak, Martek eremu magnetiko askoz ere handiagoa izan baitu iraganean. Baina NASArentzat garrantzitsua da eremu magnetiko hori kuantifikatzea, horrek eguzki-haizetik eta energia handiko partikuletatik babes bailezake. Eremu magnetiko handiena Marteko zer eremutan gertatzen den identifikatzea da helburua, astronautak bidaltzen hasten direnerako.

2020an hainbat misio abiatuko dira Marterantz. Infomazio gehiago: Marte 2020.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia