}

Marten inoiz hautemandako gandorrik garaiena aztertu du EHUko Planeta Zientzien Taldeak

2015/02/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela ia hiru urte, 2012ko martxoan, astronomozaleek Marteren diskoaren ertzetik gorantz zihoan gandor baten irudia jaso zuten, munduko hainbat lekutatik. Ordura arte ikusitako handiena bazen ere, garai hartan behaketa hura nahiko isilean geratu zen. Hala ere, EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikertzaileen jakin-mina piztu zuen. Orain, ikerketa-taldeak gandorraren azterketaren emaitzak plazaratu ditu, Nature aldizkariaren bidez. Aitortu dutenez, oraindik ez dute topatu asebeteko dituen azalpenik; beraz, ziur daude fenomenoak zeresana emango duela.
marten-inoiz-hautemandako-gandorrik-garaiena-azter
2012ko martxoaren 21ean Marten hautemandako gandorra. Arg. Wayne Jaeschker, Donald parker eta Hubble teleskopioa.

Agustin Sánchez Lavega ikerketa-taldeko buruaren arabera, “duela hiru urte behatutako fenomenoa oso ezohikoa da. Astronomiazale aurreratuek jaso zituzten irudiak, eta zientzia-komunitateak oro har arreta handirik jarri ez bazien ere, gu ohartu ginen fenomeno berezia zela. Hortaz, sakonean aztertzea erabaki genuen”.

Irudiak analizatuta, “ezohikoa” zela konturatu ziren: ”Batetik, orain arte ikusi den gandorrik garaiena delako, Marteren gainazaletik 200-250 kilometrora zegoela kalkulatu baitugu”. Zenbaitetan, 100 kilometroko garaieran dauden hodeiak ikusi izan dituzte, baina inoiz ez hain goian. “Hori azaltzeko bi hipotesi planteatu ditugu, baina, egiaz, ez batak ez besteak ez gaitu asetzen”.

Agustín Sánchez Lavega Arg. Argazki Press

Sánchez Lavegaren esanean, ez dakite zer maiztasunekin gertatzen den fenomeno hori. “Kontuan izan behar da han dabiltzan ibilgailu eta ontziek ez diotela linboari begiratzen, ez diote plantaren ertzari erreparatzen, baizik eta zoruari eta bestelako xehetasunei. Horregatik, ditugun irudi guztiak astronomiazaleek Lurretik jasotakoak dira. Eta astronomiazale deitzen diet amateurrak direlako; bestela, profesionalek bezain ondo egiten dute lan. Nolanahi ere, haiek dira linboari erreparatzen diotenak, eta haiei esker izan dugu fenomenoaren berri”.

Azaldu duenez, gandorra egunsentian baino ez zen agertzen, Terra Cimmeria eskualdean (hego hemisferioko latitude ertainean); “gero, badirudi nahiko azkar desegiten zela”. Hamar egunez jarraian azaldu ondoren, desagertu ezin zen, eta handik egun batzuetara berriro agertu zen, baina ez aurreko eguntean bezain goian”. Hain zuzen, ezohiko garaiera hori, 200 kilometro ingurukoa, lehen aldiko bi egunetan baino ez zuten neurtu, martxoaren 20an eta 21ean. Edozein modutara, fenomenoa oso nabarmena izan zen, garaieragatik eta hedapenarengatik.

Bi hipotesi

“Fenomenoa azaltzeko, bi egoera aztertu ditugu. Batetik, baliteke hodei bat izatea, urezko edo karbono dioxidozko kristaltxoz osatua. Hori sortzeko, tenperaturak ikaragarrizko beherakada izan beharko luke goi atmosferan, eta, ziur aski, kondentsazio-nukleo bat ere beharko luke”, esplikatu du Sánchez Lavegak.

Beste aukera Lurreko auroren antzeko fenomeno bat litzateke. Alabaina, hipotesi hori oso ahula dela onartu du Sánchez Lavegak. “Nire ustez, baliteke Lurraren Poloetan sortzen diren hodei noktiluzenteen antzeko fenomeno bat izatea. Hodei horiek oso leku hotzetan sortzen dira, eta beste lekutan sortzen diren hodei garaienak (zirruak) baino askoz ere gorago agertzen dira. Hala eta guztiz ere, ez hodeien hipotesiak eta are gutxiago aurorarenak, ez gaituzte asebetetzen, baina topatu ditugun azalpen bakarrak dira”.

Sánchez Lavegaren ustez, fenomenoak agerian utzi du merezi duela Marteren linboa aztertzea. “Ea hurrengo misioetan eta behaketetan badugun datu gehiago jasotzeko aukera eta hobeto ezagutzen dugun fenomenoa”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia