}

Marinelik gabeko untziak

1987/04/01 Egia, Elisabete | Urkia, Kontxi Iturria: Elhuyar aldizkaria

Garai batean, untziko lemari pilotuak edo kapitainak gogor eutsi behar zion itsasoko bidaia osoan zehar. Gero, pilotu automatikoa asmatu zuten, eta portu desberdinen artean lemarik ukitu gabe gida zitekeen untzia. Orain, satelite bidezko nabigazioari esker untziak tripulaziorik gabe joan daitezke itsasoan zehar.

Untziko zubian batera lanean ari ziren bi gizonak, orduerdi bat lehenago elkar ezagutu zuten. Pasaiako pilotua, txalupan iritsi zen eta lokarrizko eskailera batean gora untzira igo zen. Han Pasaiako uretan zegoen karga-untziko kapitainari zera galdetu zion:

"Lehenago hemen inoiz izan al zara?".

Kapitainak ezetz adierazi zion.

Pilotuak zubiaren ingurua miatu zuen VHF irratiaren bila. Untziaren sakonera eta beste zenbait datu eskatu ondoren, aginduak ematen hasi zen. "Lekeitio" untzia (pisu gordina 505 tonakoa zuen), kapitaina leman zelarik kaietara hubiltzen ari zen:

"bost istriborrera" … "untziaren erdian orain, mesedez" … "abiadura maximoa" … "utzi poliki joan dadin".

Gila itsas hondoa ia ukituz pasa eta itsasora zihoazen beste untzi batzuk gurutzatu ondoren, azkenean "Lekeitio" untzia portuko kaian zegoen. Pilotuak, bere lana burutua zuen:

"Untzia bere lekuan prest duzu, jauna. Amarrak askatu!!".

"Ainhoa" atoiuntziko patroiarekin eta pilotuarekin hitzegiteko erabili zuen VHF irratia, zarataxo batez itzaldu egin zen. Lemaren ondoan, apal baten gainean, Txillardegi-ren liburu bat, bi kikara (haietan ekarri zieten kafea kapitainari eta pilotuari lanean ari ziren bitartean) eta zigarrotxo-paketea zeuden. Kapitainak lema utzi ondoren, "pilotai orria" sinatu zuen pilotuarekin batera. Gero, elkar agurtu eta lurrera jaitsi ziren, Suedia-ra eramateko txatarra untziratu bitartean sortuko zen zaratatik ihes egitearren.

Eskarmentuak agindu bezalako pilotaia zen hura, eta horrelaxe bakarrik maneiatzen ziren untziak trafiko handiko portutan oraintxe arte.

Itsas edo ibai-portuetako 1.600 pilotuk, beren barrutietan portutik irten edo portura sartzen den edozein untzi gidatzeko baimena dute. Gabarra txikia ala petroliountzi ikaragarria eraman edo atera dezakete. Pilotu hauek ezagutzen bait dituzte portu horretako itsasoaren hondoa, mareak, azken aldaketak eta arriskuak. Bestetik, untzi bakoitzaren portaera ere ezagutzen dute, eta nabigazio-tresna aurreratuenak (pilotu automatikoa barne) erabil ditzakete.

Azken bizpahiru urte honetan, pilotu automatikoa ezagutzen asko saiatu dira, eta hori ezinbestekoa gertatu zaie gainera portutako pilotuei. Izan ere 300 tona gordineko pisutik gorako ia guztiek eta untzi txikiagotan ere beste askok gidaritza automatikoaren aukera dute.

Normalean, pilotu automatikoak itsaso zabalean erabili izan dira, baina itsas-ertzean portuko agintarien eraginetik at pilotuek berek aurkeratu nahi izan dute zein gidaritza-mota erabili; automatikoa ala eskuzkoa.

Itsas Pilotuen Elkarte Europarrak, dei bat bidali zien bere barrutiko Herrietako agintariei. Portu inguruetako gidaritza legez ez arautzea eskatzen zuten eta pilotuak berak aukera zezala gidaritza-mota. Pilotuari ez zitzaion sistema bat ala bestea ezarri behar.

Mundu guztira zabaldua dagoen gidaritza automatikoak (bai merkatal zereginetan eta bai eginkizun militarretan) itsaso zabalean oso egokia dela frogatu du; lan eta erregai gutxiago behar bait da horrela. Pilotu automatikoa konektatzeak, lemazainak besoak gurutzatzea esan nahi du. Lemazaina han egongo da geldirik badaezpada ere, agian larrialdi batean edo patroiak pilotu automatikoa kentzea aginduko diolakoan.

Pilotu automatikoa funtsean, 1930. urte inguruko birakonpasaren, irratikontrolaren eta bigarren mundu-gerran agertutako teknika berrien garapen konplexua da.

Untziaren portaera, itsasoko ezaugarriak eta baldintza meteorologikoak kontutan hartuta, informazioa pilotu automatikoari sartzen zaio. Informazio honekin batera, nabigazio-posizioarekin batera erabiltzen da, eta posizioaren berri, lurreko irrati-postuetan eta laguntza-postuetan jakiten dute. Batzuetan gainera, satelitez igorritako datuak sartzen dira untziko konputagailura zenbait unetako posizioa zehatz-mehatz finkatzeko.

Satelite bidezko nabigazio-sistema, John Hopkins unibertsitatean sortu zen. "Transit" izena du, eta 1967. urteaz gero merkatal nabigaziora hedatu da. Hemendik urte batzuetara ordea, "Transit" sistema agian beste batez ordezkatua izango da; Iparrameriketan Aireko Armadak erabiltzen duen beste sistema batez alegia.

Pilotu automatikoa konektatuz gero, aurrez ezarritako posizio-parametroetara egokitzen da untzia. Norabide-akatsak etengabe zuzentzen ditu untziak lemari automatikoki eraginez. Hori dela eta untzigileek, goxoki mugitu eta alferrikako marruskadurarik sor ez dadin, lema egokiak garatu dituzte.

Itsaso zabalean untzien arteko talkarik gerta ez dadin, laguntza handia eskaintzen dute untziek daramatzaten radarrek. Pilotu automatikoak jasotzen ditu radarraren seinaleak, eta aldi baterako norabidea aldatu edo alarma jo ere egiten du. Dagoenekoz, 10.000 tonatik gorako untziek posizio-radar automatikoa derrigorrezkoa dute.

Pilotu automatikoa funtsean, norabide-akatsa dagoenean lemari eragiteko konektatzen den zirkuitu elektrikoa da. Untzia norabide zuzenera itzultzen denean, zirkuitua itzaldu egiten da.

Watford-eko S.G. Brown konpainiak, Britainia Handiko Itsas Armadaren maniobratarako uhin-formako ibilbidea ezartzen duen pilotu automatikoa garatu du. Uhin-forma horren zabalera gainera programatu egin daiteke nahierara.

Croydon-eko Racal Marine Controls enpresak erregaiaren aurrezpena hartu du kontutan bere pilotu automatikoa burutzerakoan, eta asko saldu du; untzi japoniarretan ipintzeko batez ere.

Labur esanda, pilotu automatikoen artean desberdintasunak badira, baina ia denak oinarri berdintsuak dituzte. Lemako unitateak, untziaren norabidea ezarri eta kontrolatzen du eta zerbait urrutirago popan dagoen beste unitate batek, norabide-motorea kontrolatu eta maneiatzen du.

Norabide-akatsak zuzentzeko lemari zenbat gradu eragin ere sakon aztertua izan da. Gradu asko eragiteak erresistentziak sortzea eta erregai gehiago xahutzea esan nahi du.

Garai bateko nabigazio-tresneria. Goian isladapen-koadrantea. Erdian 1785.eko Ramsden sextantea. Behean XVIII. mendeko sextantea.

Pilotu automatikoak, ez du untziaren abiadurarik aldatzen, baina itsasoan puntu batetik bestera desplazatzeko ibilbiderik zehatzena eta egokiena ezartzen du. Garbi frogatu da hori azken urteotan.

Eta horrek honako galdera hau sorterazten du berehala: Lemazainak ezezik, gainontzeko marinel guztiek ere utz al dezakete untzia bakarrik itsaso zabalean?

Askotan esan denez, petroliuntzi batek milaka kilometroko bidea bakar bakarrik egin dezake marinelik gabe, baldin eta aurrez konputagailu-programa bati loturik badago. Sistema beraz, zera litzateke: untzia itsaso zabalean jenderik gabe ibiltzea, eta bidaiaren bukaeran, helikoptero batez tripulazioa untziratzea. Untziak gainera itsasoan talkak gerta ez daitezen radarra balu, marinelik gabeko nabigazioa marinelduna baino seguruagoa litzatekeela diote.

1984.eko urtarrilaren 15ean, kostazain eskoziarrak txunditurik zeuden. 745 tonako "Pergo" merkatal untzi daniarra Dunbar-eko iparraldean argiak pizturik eta motoreak martxan zituela atrekatu zen. Norvegiatik irtenda 320 kilometro egin zituen jenderik gabe berak bakarrik.

Historia bi egun lehenago hasi zen. Stonehaven-eko irratiak TOR plataformatik ekialdera zegoen eta bost marinel zituen untziaren S.O.S.a jaso zuen. "Arazo larriak" omen zituzten olatu handien artean zebilen merkatal untzian. Beste untzi batzuk eta helikoptero norvegiar bat laguntzera joan zitzaizkion. Helikopteroak, marinelak jaso eta lehorrera eraman zituen, untzia bakarrik utziz. Helikopteroa gero berriro ere itsasora joan zenean, untzirik ez zuen aurkitu, eta hondatu egin zela pentsatu zuten.

Baina pilotu automatikoak dirudienez, untzia zuzen gidatu zuen bere helmugaraino. Lloyd etxeko arduradunek ziotenez, "Pergo" untziak Suediatik 900 tona ongarri zituela irten zuen, Montrose eta Leith-en deskargatzekotan, eta Eskoziara joan zen. Bere branka harkaitza jota zerbait matxuratua bazegoen ere, marea igotakoan flotatu eta hiru arrantzuntzik atoian eraman egin zuten Leith-eraino.

Ustekabean eta ezinbestean burututako bidaia hau, errepika ote daiteke nahita?

Sperry etxeko Willian Szupnar injineruaren eritziz, marinelik gabeko bidaia hori egin daiteke. Segurtasunari dagokionez zailtasunak daudela dio, eta jendeak ez duela hori nahi. Kapitainak berak agindu nahi izaten omen du.

Japoniatik ere bidai mota honi buruzko zurrumurruak iritsi dira. Izan ere automatizazio-kontutan oso aurreratuak daude eta kostuen eraginez marinel-kopurua murriztea interesgarri gertatzen da enpresentzat.

Azken hiru urte honetan, "World Progress" (241.000 tonakoa) petroliuntzian saioak egin dituzte Japonia eta Pertsiako Golkoaren arteko atzera-aurreratan. Konpainiak, etengabe eta automatikoki untziaren posizioari buruzko informazioa jaso nahi du lehorreko bulego nagusian. Horrela, itsasoan dauden bere untzien informazio etengabea lortu ahal izango luke.

Satelite bidezko telex automatikoei esker, petroliuntziaren unean uneko ezaugarri nautiko, meteorologiko eta mekanikoen berri ematen da. Untziak gainera logitude/latitude bihurgailua du eta lehorretik bidalitako posizioari buruzko mezuak irakurtzen ditu. Saiakuntzak egin direnean, transmisioak "Inmarsat" erakundearen satelite geoegonkorren arabera aurrez finkatutako ordu jakinetan egin dira. Satelite geoegonkor hauek, Ozeano Barearen eta Indiar eta Atlantiar Ozeanoen gainean daude.

Japoniako Gobernuak ere badu interesik marinel gutxiko untziak egin daitezen. Untzitan, lan desberdin asko egingo duten marinel gutxi nahi dute. Garraio-ministraritzakoek, untzigileek lehorretik maneia litezkeen kontrol-sistemak egin ditzaten nahi dute, itsasoko bidaia automatikoagoak lortzeko asmoz.

Untzi japoniar askotako motoreek, urteak daramatzate automatikoki lan eginez, eta ministraritzan hamabi pertsona baino gutxiago behar dituzten untziez pentsatzen ari dira. Hamabi pertsona baino gutxiago gainera, kapitaina, sukaldaria eta denak kontutan hartuta izango dira.

Giro honetan beraz, marinelik gabeko untziekin saioak egitea ez da harritzekoa. Untzi nagusi batetik kontrolatutako marinelik gabeko flotaren ideia, "Untzi Japoniarren Garapenerako Elkartea" aztertzen ari da.

Baina beste alderdi batzuk ere kontutan hartu behar dira. "Nazioarteko Itsas Erakundea"ren eta beste erakunde batzuen arauak ere hor daude, eta horien arabera edozein untzitan tripulari-kopuru minimoa eduki behar da. Aseguru-etxeekin eta segurtasun-arauekin gorabeherak egongo lirateke.

Radarraren bidez untziaren pilotu automatikoak oztopoei itzuri egiten die.

Britainia Haundiko Garraio-Ministraritzak, pilotu automatikoak desegoki erabiltzearen salaketa egin du, galerak ebaluatu ondoren. Ministraritzak gomendatu zuenez, ikuspen txikiko lekuetan zaintzaileak eta lemazaina ipini behar dira, badaezpada ere eskuzko kontrolera berehala itzuli ahal izateko.

Arauak, alda daitezke, noski, baina bitartean nabigazio automatikoa hedatzen ari da. Itsasgizonak, kezkati daude, eta ez dakite gerora aurrerakuntza hauek mesede ala kalte egingo dieten. Badakite Garraio-Ministraritza japoniarra untziak portura automatikoki sartu eta irteteko sistemak prestatzen ari dela. Britainia Haundian ere Gales-eko Unibertsitatean, Cardiff-en, antzeko lanetan ari da Bill Canner.

Untziak doitasunez gidatzearren, portuaren bi aldetan abioitarako erabiltzen diren bi DME faro emisore ipintzea proposatu zuen. DME faroek, distantziak neurtuko lituzkete. Emisore hauek UHF-n lan egiten dutenez, radarrarekiko nahasketarik ez litzateke egongo. Kanal estuetan eta maniobratan nabigatzaileei laguntzearren ULCC baten brankan eta popan DME emisoreak ipintzea ere proposatu zuen.

Oraingoz ordea, kostalderik gehienetan untziak gidatzeko beharrezkoa da pertsona. Pilotu hauek, beren ikasketak eta tituluak dituzte eta bidaiaren zatirik zailena burutzeko gai diren bakarrak ditugu.

Gerora, agian untzian ez da gidatzeko pertsonarik beharko, baina oraingoz pilotua alde batera uzterik ez dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia