Asaldatu, gauza askok asaldatu naute lanean bizitzan zehar, ni oso asaldagarria naiz eta [irriz]. Baina, gehienetan, azkar ahazten ditut halakoak. Bada kontu bat, ordea, niretzat ez dena ez harrigarria, ez txundigarria, baina bai asaldagarria. Hau da: hain emakume gutxi ibiltzea nire lanean. Horren kontra ahal den gehiena egin arren, inoiz ez ahaztu arren, neska gazteak konbentzitzen saiatu arren… zaila da hori aldatzea.
Harritzeaz ari bagara, harrigarria iruditzen zait zenbat aldatu den nire bizimodua lanean hasi nintzenetik. Ikerketan lasai, pozik hasi nintzen. Baina, urteak igaro ahala, nire lana hazi eta dibertsifikatu egin da, eta bizitza, apurka-apurka, askoz ere korapilatsuagoa bihurtu da, eta ia osorik desagertu zait bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko muga. Betiko? Ez dut uste: zahartzen ari naiz, eta orain, agian, bizitza pertsonala berreskuratuko dut. Baina, egia esan, ez nuen hau espero lanean hasi nintzenean.
Niri gertatu zaidana beste askori ere gertatu zaie: egiten duzun lana gustura egiten baduzu, zaletasun handiz, zaila da lanak zure bizitza osoa ez inbaditzea…
Nire amets handienetako bat da zientzialariek energia-iturri garbi eta merke bat topatzea, nahiz eta ez dudan askorik sinesten horretan. Asko hitz egiten da horri buruz, hidrogenoaz adibidez. Baina, horretan aditu diren fisikari eta ingeniari batzuei entzunda, oso argi dago helburu hori, modu zabalean erabiltzeko, oso-oso urrun dagoela. Ziur aski, gutxienez hidrogenoarekin, ez dago itxaropenik ni bizirik izango naizen bitartean energia-iturri garbi bat era normal eta orokor batean erabiltzeko… Baina ametsak ez dira alde batera utzi behar, ezta? Agian…
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia