}

Manatiak, ingurumenaren egoeraren adierazleak, mehatxupean

2002/02/24 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Garai batean sirenen mitoaren sortzaile eta gaur egun ingurumen-adierazle den Dugong dugong espeziea leku askotatik desagertzeko zorian dagoela ohartarazi da ikerketa batean.

Nazio Batuen Ingurumenerako Programak manatien populazioen bilakaera aztertu berri du, eta kontuan hartzeko moduko ondorioak atera ditu. Ingurumen-adierazle den ugaztun hori mehatxupean dago eta bere banaketa-eremua murrizten ari da.

Sirenen mitoa inspiratu zuten animaliak

Babeserako neurriak hartu arren, poluzioa eta ehiza direla medio, urtetik urtera animalion kopurua % 5 baizik ez da emendatzen.

Ugaztun lodi herbiboro eta akuatikoa da manatia. Sirenien ordenan sailkatzen den Dugong familiako espeziea da. Hiru metro luze eta 400 kiloko pisua izatera hel daiteke eta itsasertzean bizi da, 20-35 ºC-ko ur epeletan. Izaerari dagokionez, asko bakarrik edo bikoteka ibiltzen dira eta, beste batzuk, berriz, talde txikitan. Beren biologia ez da ongi ezagutzen, baina ikerketek erakutsi dutenez, 5-10 minuturo ur-azalera igotzen dira arnasa hartzera.

Baina manatiak ezaugarri orokor horiengatik baino gehiago sirenen mitoa inspiratu zutelako (hori esaten da behintzat) dira ezagunak. Zientzialarien ustez, Antzinaroko bidaiariek erdi-emazte eta erdi-arrain ziren izakitzat hartzen zituzten manatiak. Ugaztun handi horiek omen ziren, beren ahots melodikoaz baliaturik, itsas gizonak tranpara erakartzen zituztenak, eta horregatik deitzen da Sirenien ugaztun horien ordena.

Hala ere, nahiz animaliok oso sinpatikoak izan, gaur egungo ikuspuntutik aztertzeko denbora hartuz gero, hipotesi hori zalantzan jartzeko modukoa da, harrigarria baitirudi arrain horiek neska gazte lirainekin nahastea. Baina, tira, bakardadeak eta alkoholak irudimena zabaltzen dute, eta nork jakin itsas gizon horiek zein egoeratan asmatu ote zuten sirenen kondaira ezaguna.

Gaur egun, ordea, ingurumenaren adierazleak dira eta, horregatik, ikerketa serioen gai bihurtu dira. Azken azterketa Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren baitan egin da, Helene Marh Australiako James Cook unibertsitateko irakaslearen zuzendaritzapean.

Egoera larria da, eta argi gorria pizteko garaia heldu dela erakutsi du ikerketak. Gainera, espezie hori ingurumenaren adierazle denez, bere egoerak okerrera egiteak gainerako espezieen eta habitaten egoera ere txartzen ari dela erakusten du.

Ikerketa ingurumen ministroak elkartu diren Kolonbiako Kartagena hiriko bileran aurkeztu da. Helene Marhen hitzetan, "manatiak desagertu egin dira leku batzuetatik, ihes egin dutelako edo hil egin direlako".

Leku horietako batzuk Mauritania, Seychelleak, Sri Lankako mendebaldea, Maldivak, Japoniako toki batzuk, Hong Kongeko Pearl River estuarioa, Filipinetako irla batzuk, Kanputxea eta Vietnam dira.

Beste zenbait tokitan, manatien populazioa desagertzera iritsi ez bada ere, gutxitu egin da. Salbuespenak Australiako urak, Itsaso Gorria eta Arabiar Golkoa izan daitezke.

Helene Marshek aipamen berezia egin dio Afrikako ekialdeko egoera larriari ere, eta laster batean zerbait egin ezean, bertatik ere desagertu egingo direla ohartarazi du.

Berriz ere gizakiaren errua

Manatien populazioaren egoera larri hori gizakiaren presioak eragin du. Zehatzago esanda, lurretik itsasoraino heltzen den poluzioa, itsasertzeko garapena eta itsas animalien trafikoa dira eragileak. Izan ere, ugaztun horren elikagai nagusia landare akuatikoak dira eta itsasaldea gero eta poluituago eta asfaltatuago dagoenez, elikagai- iturriak murrizten ari dira.

Mundu osoan erabiltzen diren herbiziden arrastoak itsasoraino iristen dira, eta itsas belar eta algak deuseztatzen dituzte. Hortaz, animalia, derrigortuta, elikagai gehiago aurkituko duen eskualdeetara uxatua da eta leku egokirik bilatu ezean hil egiten da.

Bestalde, animalia horiek luzaz beren larruagatik eta gantzagatik ehizatu izan dira eta, gaur egun, milaka batzuk baino ez dira gelditzen, horietarik erdiak inguru Australiako kostaldean. Jaiotze-tasa nahiko txikia da eta babes-neurriak finkatu arren, urtetik urtera, animalion kopurua % 5 baino ez da emendatzen. Izan ere, manatiak ehizatzea debekatuta egon arren, oraindik ere herrialde askotan ehizatzen dira eta, gainera, elikagai gutxi dagoenean emeek jaiotzeak neurtu egiten dituzte eta ez dute bigarren umerik egiten.

Egoera hori aldatzeko, ikerketa berriaren egileek uste dute herrialdeen arteko elkarlana sakondu behar dela. Izan ere, orain arteko usteak gezurtatuta, ikerketak erakutsi du ugaztun horiek egun gutxi batzuetan 600 km-ko ibilbidea egiteko gai direla.

Bestalde, egoera horretaz jabetuta edo, Kartagenan elkartutako ingurumen ministroek proposamen zehatzak eraman beharko lituzkete aurtengo abuztuaren 26tik irailaren 4ra bitarte Johannesburgon egingo den garapen jasangarriari buruzko ONUren goi-bilerara, besteak beste produktu kimiko arriskutsuen erabileraren segurtasunari buruzkoak.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia