Magallanesko pinguinoa, antxoa-arrantzaren menpe
2007/02/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Punta Tombon biltzen da Magallanesko pinguinoen kolonia handiena.
(Argazkia: L. Cancio)
Magallanesko pinguinoa, oraingoz, ez dago galtzeko arriskuan. Alabaina, Science aldizkarian argitaratutako lan baten arabera, litekeena da antxoen arrantzak arriskuan jartzea espeziea.
Izan ere, antxoak oinarrizko elikagaia dira, bai pinguinoentzat, bai inguruan bizi diren beste animalia batzuentzat ere: itsas lehoiak, izurdeak, ubarroiak... Baina 2003an, Punta Tombotik gertu, Atlantikoko hego-ekialdeko antxoa esperimentalki arrantzatzeko baimena eman zuen Argentinak.
Elizabeth Skewgar ekologoaren arabera, ordea, antxoaren arrantzak pinguino-populazioan izan dezakeen eragina aztertu gabe eman zuen baimena Argentinako Gobernuak. Science -ko lanean azaltzen duenez, oraingoz ez zaio antzeman arrantzaren eraginari, ez baitute neurriz kanpo arrantzatu (30.000 tona inguru 2004an eta beste horrenbeste 2005ean). Baina beldur da etorkizunean askoz gehiago arrantzatuko dutela, eskaera etengabe hazten ari baita. Eta, arrantza haziz gero, pinguinoentzat antxoa gutxitxo egongo litzatekeela ohartarazten du Skewgarrek.
Iraganeko adibidea
Neurriz kanpo arrantzatzeak zer ondorio dakarren ikusteko, ez dago urrutira joan beharrik: Euskal Herriko arrantzaleak eta arrantzaz arduratzen direnak erabat kezkatuta daude antxoaren eta beste espezie batzuen bilakaeragatik. Nolanahi ere, Argentinan bertan badute adibide garbi bat.
Antxoak oinarrizkoak dira pinguinoen elikaduran.
(Argazkia: L. Cancio)
Duela hogei urte, arrantzale argentinarrek etorkizunean batere pentsatu gabearrantzatzen zuten hango legatza ( Merluccius hubbsi ). Legatz ugari zegoen, eta harrapatutako gehiena esportatu egiten zuten. 1990eko hamarkadan, ordea, legatza gutxitzen ari zela konturatu ziren, eta 1999an Argentinako Gobernuak legatzaren arrantza larrialdi-egoeran zela adierazi zuen. Gero eta legatz gutxiago zegoenez, arrantza gutxitzeko neurriak ezartzen saiatu zen.
Alabaina, joera iraultzea izugarri zaila zela ohartu ziren. Izan ere, neurri haiek jende askoren ogibidearekin bukatu zuten. Bitartean, legatz-populazioak hondoa jo zuen, eta orduan gobernuak erabateko debekua jarri zuen lehen arrantza-leku preziatuak ziren eremuetan. Gizartean krisia areagotu egin zen, eta kuota-sistema bat ezartzeko ahaleginek ez zuten arrakastarik izan.
Berandu baino lehen
Magallanesko pinguinoaren geroa antxoari lotuta dago.
(Argazkia: L. Cancio)
Atlantikoko hego-ekialdeko antxoarekin antzeko zerbait gertatzeko arriskua dagoela uste du Skewgarrek. Antxoa-populazioan legatzarenean bezainbesteko galera gertatuz gero, kalte handia jasango lukete, ez bakarrik arrantzaleek, baita pinguinoek ere. Bide batez, turismo-industriak ere galerak izango lituzke, turista ugari joaten baitira inguru hartara, pinguinoek erakarrita.
Skewgarren iritziz, orain da antxoen arrantza mugatzeko garaia. Muga non jarri erabakitzeko egin beharreko azterketak egiteko eta antxoaren bilakaera aurreikusteko ereduak lantzeko garaia da. Berandu izan baino lehen.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia