Lutetiarreko erreferente dela adierazten duen urrezko iltzea jarriko dute gaur Gorrondatxeko labarretan

2012/02/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ezkerretik eskuinera, Aitor Payros, Estibaliz Apellaniz eta Xabier Orue-Etxebarria EHUko geologoak Gorrondatxen, Lutetiar estratotipoaren ondoan. Arg. Xabier Orue-Etxebarria

Gaurtik aurrera, duela 47,8 milioi urteko historia ikertu nahi duten geologoek Gorrondatxeko labarrak izango dituzte erreferente nagusi. Hain zuzen ere, Lutetiar estaia ikertzeko leku egokiena dela erabaki dute nazioarteko geologia-erakunde garrantzitsuenek, hau da, ICS Estratigrafiaren Nazioarteko Batzordeak eta IUGS Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak. Izendapen hori urrezko iltze baten bidez adierazten da, eta gaur jarriko dute dagokion lekuan, Gorrondatxeko labarretan.

Izendapena bereziki pozgarria da EHUko Xabier Orue-Etxebarria, Estibaliz Apellaniz eta Aitor Payros geologoentzat, hamar urte baino gehiago eman baitituzte hori lortzeko lanean. Haiek azaldu dute nolakoa izan den prozesua: “Estratotipo izendapena lortzeko, lekuak baldintza batzuk bete behar ditu; besteak beste, eskura egon behar du, geruza-sekuentzia osatua izan behar du, ez ditu arazo tektonikoak (failak, tolesdurak...) izan behar, eta mikrofosil asko izan behar ditu, egoera onean. Gainera, gomendagarria da analisi paleomagnetikoak egiteko aukera izatea ere. Bada, frogatu dugu Gorrondatxeko labarrek baldintza horiek guztiak betetzen dituztela”.

Baldintza guztiak betetzen dituela frogatzeaz gain, beste hautagaiak baino hobea dela ere erakutsi behar izan dute. Xabier Orue-Etxebarriak nabarmendu duenez, “niretzat bereziki garrantzitsua da izendapena, hemendik aurrera Paris aipatu beharrean (han baitzegoen orain arte Lutetiarreko erreferentea), Gorrondatxeren eta Getxoren izenak azalduko direlako geologia-liburuetan”.

Hala ere, Muskiztik Baionara bitarteko itsasertz osoa goraipatu du EHUko ikertzaile taldeak: “euskal itsasertz osoa paradisu geologiko bat da, ikerketa geologikoak egiteko leku paregabea, batik bat Behe Kretaziko eta Paleogeno garaikoak (duela 40 milioi urtetik duela 125 milioi urtera)”. Horren erakusgarri, beste bi urrezko iltze daude euskal kostan, Zumaiako Itzurungo labarretan, hain justu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia