Lurrikarak sumendiak ikertzeko
2002/01/28 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Europako zortzi estatu —Austria, Espainia, Frantzia, Grezia, Ingalaterra, Irlanda, Italia eta Portugal— elkarrekin lanean hasi dira sumendietako erupzioek izan ditzaketen arriskuak ikertzeko. Proiektuaren helburuak erupzioa gertatu baino 2-3 egun lehenago iragartzea, erupzioa nolakoa izango den aurrez jakitea, izan dezakeen arriskuaren berri ematea, eta sumendiaren inguruan bizi den jendearentzako ondorioak zeintzuk izango diren aurreikustea dira. Gaur egun posible da erupzioak 2-3 hilabete lehenago antzematea, baina zehaztasun handirik gabe.
Ofizialki, 2002aren lehen egunean hasi zen proiektua. Hasteko, bost sumendi kontrolatuko dira: Teide, Vesubio, Greziako Santorini irlako sumendia, Madagascar ondoko Reunion uharteko sumendia, eta Azoreetakoak.
Sumendi horiek guztiak monitorizatu egingo dira; hau da, lurpeko aktibitate sismikoa neurtzeko estazio ugari jarriko dira. Izan ere, sumendietako erupzioei buruzko datuak lortzeko iturri nagusia mugimendu sismikoak dira, kraterretatik ateratzen den laba, labur esanda, lurpean gertatzen den lurrikararen ondorio besterik ez baita.
Sumendietako aktibitate sismikoa kanpoaldean gerta daitekeen edozein mugimendu baino hilabete edo urte batzuk lehenago has daiteke, adibidez lurruna, emisioak edo gasak askatzen hasi baino lehenago.
Sumendiaren eragina nabarmena izatera iritsi aurretik ez da mugimendurik izaten askotan, baina erupzioak gertatu baino ordu batzuk lehenago eta erupzioa gertatzen ari denean, aktibitate sismikoa ikaragarrizkoa izaten da, eta ordu batzuetan ehunka lurrikara gerta daitezke.
Estatistikari erreparatzen bazaio, esan behar da sumendietako aktibitate sismikoa oso gutxitan igo dela 6 gradutik gora Richter eskalan horrek esan nahi du senti daitezkeela, baina berez nekez eragin dezaketela kalterik.
Sumendiak behar bezala ezagutzeak garrantzi handia du. Izan ere, sumendien inguruko lurrak hain emankorrak izaten direnez, lur horietan jende asko biltzen da. Vesubio sumendia horren adibide garbienetakoa izan daiteke. Napoles hirian, gaur egun, 3 milioi pertsonatik gora bizi da; horregatik, erupzioak gertatuz gero, hondamendia handia izan daiteke.
Gizakia aspalditik da horren jakitun. Antzinateko Erroman Senecak sumendien oinarrizko egituraren jatorria aurkitu zuen.
Sumendiak lurpean urtutako materiala ateratzen den tokia direla adierazi zuen. Ordura arte, Platonen teoria —lurpean suzko ibaiak zeudela— eta Aristotelesena —lurpean sufrea erretzen zuen aire konprimitua zegoela— zeuden indarrean.
79. urtean Vesubio sumendiaren erupzio ikaragarria gertatu zen. Erupzioak Ponpeia eta Herkulano suntsitu zituen. Plinio zaharra erupzioa ikusten ari zela hil zen. Haren ilobak, Plinio gazteak, sumendien aktibitate sismikoari buruz bere osabak zioena idatziz jarri zuen. Hortaz, ordurako lurrikarek sumendietan zuten eraginaren jakitun ziren.
Sasoi hartatik asko aurreratu da. Sumendiak ikertzeko ohikoak bihurtu dira sismografoak. Eta hemendik aurrera ere, badirudi lurraren mugimenduak ikertuta sumendiei buruz askoz ere gehiago jakin ahal izango dela.
Erupzio erraldoiak
Erupzioak maiz samar gertatzen diren fenomeno naturalak dira. Txikiak izaten dira gehienak, baina kalte ugari sorrarazi dituzten ikaragarrizkoak ere badira. Beharbada, historian zehar gertatutako aipagarrienak honako hauek izan daitezke.
- K.a. 1500: Santorini uharteko sumendia lehertu egin zen. Kondairaren arabera, Atlantida uharte mitikoa desagertarazi zuen.
- 79: Vesubio sumendia. Europako sumendi mitikoena da. Urte horretan Ponpeia eta Herkulano hiriak suntsitu zituen. 1999. urtean erupzioan hasi zen berriro eta izu handia eragin zuen.
- 1815: Tambora sumendia, Indonesian. Bat-batean eta bortitz-bortitz hasi zen erupzioan. 50.000 hildako eragin zituen. Historiako erupziorik hilgarriena izan da.
- 1883: Krakatoa uharteko Perbuatan sumendiak eztanda egin zuen. Uharte-erdia inguru itsaspera joan zen eta olatu erraldoiak sortu ziren. 36.000 pertsona hil ziren.
- 1902: Mont Pelé sumendia, Martinika uhartean. 36.000 hildako eragin zituen eta Saint Pierre hiriko kaia suntsitu zuen.
- 1991: Pinatubo sumendia, Filipinetan. Joan den mendeko erupziorik bortitzenetarikoa izan zen, 1.000 hildako eragin zituen eta 1.000.000 pertsonak utzi behar izan zituzten beren etxeak. 1883. urtean Perbuatan sumendia lehertu zenetik, atmosferaren perturbaziorik handiena eragin zuen.
Teide bizi da
Estatu espainiarrean sumendi bakarra dago, Teide ezaguna. Aspalditik isilik badago ere, Kanarietako sumendia ez dago hilik, lehenago edo geroago esnatu egingo da. Ez dirudi bihar izango denik, ezta etzi ere, baina ez dago dudarik, erupzioan sartuko da berriro. Izan ere, Teideren azpiko aktibitatea ez da geratu. Alde horretatik begiratuta, lasai esan daiteke oraindik sumendi aktiboa dela. Teiderena ez da kasu bakarra munduan; adituek diotenez, beste 600 sumendiren egoera antzerakoa da.
Nola funtzionatzen dute sumendiek?
Sumendiak naturaren fenomenoak dira, lurrazalean sortzen diren pitzadurak edo zuloak. Hizkuntza askotan "sumendi" hitzak kea botatzen duen mendia esan nahi du edo, euskararen kasuan bezala, sua jaurtitzen duen mendia. Hizkuntza gehienetan, hala ere, latineko Vulcanus-etik eratorritako hitzak erabiltzen dira. Vulkano suaren jainkoa zen mitologia erromatarrean.
Lehen aipatutako pitzadura edo zulo horietatik lurpeko magma edo arrokak ateratzen dira. Magma lurpeko tenperatura altuek arrokak urtzearen ondorioz sortzen den materiala da. Kanporatzeko, lurpeko gasek bultza egiten diote. Irteera aurkitzen dutenean, laba ibaiak osatzen dituzte. Era berean, ateratzen denean tenperatura aldatu egiten denez, laba hoztu eta gogortu egiten da. Horren ondorioz, kono-bolkanikoa eratzen da poliki poliki.
Beraz, gasek, irteerarik aurkitzen ez dutenean, mugimendu sismikoa eragiten dute, baina erupziorik ez. Hau da, erupzio guztiak lurrikaren ondorioa dira, baina lurrikara guztiak ez dira erupzioak eragiteko gai.
Erupzioak eragileen arabera sailkatzen dira. Horrela, erupzio magmatikoez hitz egiten da erupzioa magmaren edo gas magmatikoaren ondorioa denean; ostera, magmak edo gas magmatikoak lurpeko ura berotu eta horrek erupzioa eragiten duenean, erupzioa freatikoa izaten da. Horrelakoetan, batzuetan magma-produktuak lurrunarekin nahasian ere agertzen dira, eta erupzio horiek freatomagmatikoak izaten dira.
Erupzioak sailkatzeko modu gehiago ere bada, adibidez, historian ospea izan duen erupzioren baten antzekoa bada, edo modu jakin batean gertatzen bada. Horrelam erupzio hawaiarrak daude —inguru hartako sumendiek erupzioan hasteko duten moduagatik—, stromboliarrak, vulkaniarrak edo pelearrak —sumendi horietako erupzioetan biltzen diren ezaugarriak agertzen direlako—, pliniarrak —Pliniok Vesubioko erupzioa deskribatzean aipatu zituen ezaugarriak agertzean—, islandiarrak… Erupzioetan, magma lurrazalera iristean gas ugari sortzen da eta, hainbat prozesuren ondorioz, energia-kantitate handia askatzen da. Energia askatzeko moduak anitzak direnez, adituei oso zaila egiten zaie erupzioak neurtzea, eta sumendien ikerketan ari direnek oraindik ez diote irtenbide zehatzik eman arazo horri.
Dena den, erupzioen tamaina neurtzeko hainbat sistema erabiltzen dira. Hedatuena Walker-en metodoa da. 1980an proposatu zuen eta, berak dioenez, erupzioen jatorria eta tamaina behar bezala zehazteko bost aldagai hartu behar dira kontuan:
- Masaren tamaina, sumendiak jaurti duen material guztiaren masa.
- Intentsitatea, masa guztia jaurtitzeko sumendiak behar izan duen denbora.
- Dispertsio-ahalmena, erupzioak estali duen azalera. Erupzioaren altuera ere hartzen da kontuan.
- Bortizkeria, lehertzean sortu den energia zinetikoa.
- Suntsitzeko gaitasuna, erupzioak eragindako hondamendiaren neurketa, batez ere eraikinei, ereiteko edo ereindako lurrei eta landaretzari dagokionez.
Hainbat formatako sumendiak
Sumendiak sailkatzeko modu bat baino gehiago badago ere, gehienetan formaren arabera sailkatzen dira. Formari erreparatuz gero, hiru sumendi-mota daude:
Errauts-konoa
Erupzioetan ateratzen den errautsa pilatzean, askotan konoak eratzen dira. Horrelakoetan, airean gogortzen diren material beroak nagusi izaten dira eta erupzio gunearen erditik oso hurbil erotzen dira. Konoen hormek ezin dute aldapa handirik izan —30º-40º ingurukoa asko jota—. Oinarri borobila izaten dute, forma konikoa eta sarritan 300 metrotik gorako altuera. Hego Amerikako asko horrelakoak dira, baina behar bada aipagarriena, bere itxuragatik, Xitle sumendia izan daiteke.
Ezkutu-formakoa
Diametroz altueraz baino gehiago direnei deitzen zaie horrela. Laba-korronte bigunen ondorioz osatzen direnez, altuera eta aldapa txikikoak izaten dira. Topografiaz leunak izaten dira eta gailurra lau samarra izaten dute. Hawaiiko sumendi gehienak eta Galapago uharteetakoak horrelakoak izaten dira.
Estratu-formakoa
Zatika daitekeen materialez eta laba bigunez osatutako sumendiak izaten dira. Horrek esan nahi du bat-bateko eztanden eta bat-bateko atsedenaldien ondorioz osatu zirela. Mexikoko Popocatépetl sumendia, adibidez, horietakoa da.
Deia-ren D2 atalean argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia