}

Lurraren isla, bizi estralurtarra bilatzeko oinarri

2012/03/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lurraren-isla-bizi-estralurtarra-bilatzeko-oinarri
Irudian, Ilargiaren distira irudikatzen da Lurrak islatzen duen argian. Arg. L. Calçada/ESO

Batzuetan, ilberria baino hiru egun lehenago edo ondoren, Ilargiaren disko osoa ikus daiteke, nahiz eta oso ahul ageri. Lurraren islari esker sortzen da fenomeno hori. Orain, Lurrak islatzen duen argitasun horrek Lurretik kanpo bizitza bilatzeko bide bat ireki dezakeela proposatu dute ESOko, Armagheko (Ipar Irlanda) eta Kanarietako Astrofisika Institutuko astronomoek. Horretarako, teknika polarimetrikoak erabiltzea proposatu dute, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

Hain zuzen, espektropolarimetriaren bidez, biziaren adierazleak identifikatu dituzte Lurraren islan, eta uste dute metodo hori baliagarria dela exoplanetetan ere. Exoplaneta urrun baten argia ikustea oso zaila da, hurbil duen izarraren erruz; baina planetek islatutako argia polarizatu egiten da, eta izarrena, berriz, ez. “Hortaz, exoplanetek islatutako argi ahula detektatzen laguntzen digute teknika polarimetrikoek”, azaldu du Stephano Bagnulo Armagheko behatokiko astronomoak.

Horrez gain, bizi estralurtarra topatzea bi baldintzaren menpe dagoela esan du Kanarietako Astrofisika Institutuko Enric Pallecek: “lehenik, bizi hori benetan egotea, eta, bigarrenik, guk gaitasun tekniko nahikoa edukitzea hura detektatzeko. Lan hau aurrerapauso bat da gaitasun horiek lortzeko”.

Izan ere, espektropolarimetriaren bitartez, biziaren adierazleak detekta daitezke, hala nola fotosintesiarekin lotutakoak. Adibidez, astronomoek VLT teleskopioaren espektropolarimetroa erabili dute Ilargiak islatutako Lurraren isla aztertzeko, eta gai izan dira ondorioztatzeko Lurraren atmosferak hodeiak dituela, azaleraren zati handi bat ozeanoek hartzen dutela, eta landaretza duela. Hala, Michael Sterzik ESOko astronomoak esan duen bezala, “unibertsoaren beste lekuren batean fotosintesian oinarritutako bizirik sortu ote den esan diezaguke espektropolarimetriak”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia