}

Luigi Galvani

1991/10/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzilari italiar hau Bolognan jaio zen 1737.eko irailaren 9an eta bertan hil zen 1798.eko abenduaren 4ean. Bolognako Zientzi Akademiako lehendakari izendatu zuten 1772. urtean eta harez gero animalietako elektrizitatea ikertu zuen.
Baso-igel gorria.
J.R. Aihartza

Zientzilari italiar hau Bolognan jaio zen 1737.eko irailaren 9an eta bertan hil zen 1798.eko abenduaren 4ean. Bere jaioterriko unibertsitatean egin zituen ikasketak, 1762. urtean doktoratu zen arte. Urte hartan unibertsitate berean anatomi irakasle gisa hasi zen lanean eta aldi berean Arte- eta Zientzi Institutuan obstetrizia irakasten zuen.

Bolognako Zientzi Akademiako lehendakari izendatu zuten 1772. urtean eta harez gero animalietako elektrizitatea ikertu zuen. Bere aurkikuntzak 1791. urtean argitaratu zituen De Viribus Electricitatis in Motu Musculari Commentarius liburuan (Elektrizitateak Muskulu-Higiduran duen Eraginari buruzko Iruzkinak).

Luigi Galvani.

Galvaniren garaian, oso modan zeuden makina elektrikoak eta edozein unibertsitatetan zeuzkaten aparatu elektrikoak; Leyden-eko botilak adibidez. Galvaniren laborategian ere baziren eta honek anatomia edo fisiologiako saiakuntzetan erabiltzen zituen.

Galvanik ikusi zuenez, igel-hankak (gorputzetik ebakita bereiztutakoak) uzkurtu eta zabaldu egiten ziren deskarga elektrikoa jasaten zutenean edo makina elektrikoari konektatutako bisturi mekanikoak ukitzen zituenean. Bisturiak ukitu gabe, hurbiltze hutsarekin ere uzkurtzen ziren igel-hankak.

Gertaera hura berez ez zen hain harrigarria, deskarga elektrikoak muskulu biziak uzkurtu egiten dituela jakinda. Beraz, hildako muskuluak zergatik ez uzkurtu?

Franklinek aurretik frogatua zuen tximistak deskarga elektrikoak zirela eta horregatik ekaitza zegoenean igel-hankak uzkurtzea espero zitekeen. Galvanik beraz, igelaren muskuluak orratz metalikoz ziztatuta leihoan ipini zituen. Muskuluak ekaitz-garaian uzkurtu eta zabaldu egin ziren, baina baita ekaitzik ez zegoenean ere. Horretarako nahikoa zen muskulua bi metal desberdinez ukitzea. Nondik zetorren elektrizitatea? Metaletik? Muskulutik?

1882.eko galvanometroa.

Galvanik, bera anatomista zelako, muskuluetatik zetorrela zioen; elektrizitate animala bazegoela alegia.

Galvanik bere ideiari setatsu eutsi zion, baina arrazoirik ez zeukan, urte batzuk geroago Voltak frogatu zuenez. Galvani oso nahigabetu omen zen Voltaren frogapenaz.

Dena dela, bere bizialdiko azken urteetan Galvani izena mundu guztira hedatu zen. Elkar ukituz dauden bi metalek sortutako elektrizitate iraunkorrari elektrizitate galvaniko deitu zitzaion, anbarea beiraz igurtzita sortzen zenetik (elektrizitate estatiko deitutakotik) bereiztearren.

Altzairuzko piezek, korronte elektrikoz edo beste sistemaz ezarrita, zinkezko kristalezko geruza dutenean galvanizatuta daudela esaten da. Bestetik, 1820. urtean Andre Marie Ampère matematikari eta fisikari frantsesak, korronte elektrikoa zegoen ala ez detektatzeko aparatuari galvanometro deitzea proposatu zuen, eta harez gero Luigi Galvaniren izena hitzetik hortzera erabiltzen da elektrizitatearen arloan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia