}
Lourdes Herrasti Erlogorri Aranzadiko arkeologoa

"Ikusi ez den zerbait, guretzat ezinezkoa dena, topatzea gustatuko litzaidake"

2014/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez da erraza Lourdes Herrastirekin hitz egiteko eta egoteko tarte bat topatzea. Izan ere, irakasle-lanak amaitu orduko, ikerketa arkeologikoetan murgiltzen da. Hala ere, ez dio uko egin gure gonbidapenari, eta, zalantzarik egin gabe, ziurtasun osoz, erantzun die galderei. Hain zuzen, argi du zein izan den beraren ibilbideko lan zirraragarriena, eta aurrera begira, berriz, badu amets jakin bat. Hala, bizi-bizi hitz egin du barreneraino hunkitu zuen aurkikuntza hartaz eta etorkizunerako desioari buruz.
lourdes-herrasti-erlogorri-ikusi-ez-den-zerbait-gu
© Juan Carlos Ruiz/Argazki Press
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Oraindik ere egin dugun aurkikuntza harrigarriena eta garrantzitsuena San Juan ante Portam Latinam aztarnategi neolitikoa da (Araba). Neolitoaren bukaerakoa da, baina bertan 300 pertsonaren arrastoak aurkitzeak hunkitu egiten nau oraindik ere. Uste dut sekulako aurkikuntza izan zela, batez ere gizonezko, emakumezko eta ume mordo bat zeudelako, ehun ume baino gehiago. Bai duen kronologiagatik bai multzoaren neurriagatik, zirrara eragiten dit, baita ezustean harrapatu gintuelako ere.

Orain pentsatzen ari gara berriro ikertzea, ahalik eta datu gehien ateratzeko. Izan ere, orduan ez genuen gaur dugun teknologia, eta iruditzen zait informazio baliotsua eskuratzeko aukera dugula. Orain horrekin gabiltza, informazio gehiago eskuratzeko asmoarekin.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Agian mito bat da, baina arkeologo askori edo niri behintzat gustatuko litzaidake Erdi Aroko zerraldo edo sarkofago bat oso-osorik aurkitzea, ukitu gabe, eta bertan egotea, eskeletoaz gain, arropa guztia. Ondo jantzita egotea, guztiz dokumentatua... Horrelako aurkikuntza bat zirraragarria izango litzateke, berezia oso. Agian aukera gutxi dugulako, niretzat izango litzateke ametsa. Izan ere, horrelakoetan, beti dago norbait zu baino lehenago iritsi dena hara eta topatu duena. Ukitu gabe egotea, bere horretan, hori da nik nahiko nukeena.

Bestelakoak, han edo hemen, antzekoak beti topatzen dituzu. Eta badira gauza asko, eta egon daitezke gauza oso interesgarriak munduko beste tokietan. Adibidez, Saharan izan gara, eta ikaragarria izan da. Nork esango luke gu hango aztarnategiak ikertzen ibiliko ginela, basamortuan hobiak topatzen! Baina hori ikusia dugu. Hortaz, ikusi ez den zerbait, guretzat ezinezkoa dena, topatzea gustatuko litzaidake. Erdi Aroa, gainera, mitifikatua dugu, oso mundu berezia baitzen, eta badu zerbait fantasiatik... Ez dakit, gustukoa dut garai hori.

Lourdes Herrasti Erlogorri
Lourdes Herrasti (Aretxabaleta, 1958) Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia eta Historiako lizentziatua da, eta irakaskuntza ertainetako irakaslea. Osteoarkeologian espezializatua da, eta 30 urte baino gehiago daramatza Aranzadin lanean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia