}

Lo-gabeziak txertoen erantzuna ahultzen duela frogatu dute

2023/03/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lo-gabeziak-txertoek-erantzuna-ahultzen-duela-frog
Txerto bat hartzean loak duen garrantzia azaleratu du azterketa zabal batek. - Arg.

Txerto- bat hartzeko garaian sei ordu baino gutxiago lo egitea eta antigorputzen bidezko erantzun ahulagoa izatea erlazionatzen ditu azterketa zabal batek. Azterketa horretan, loaren eta txertoen bitartez lortutako babesaren arteko erlazioa ikertzen dituzten lanak bildu eta analizatu dituzte, eta Current Biology aldizkarian argitaratu dituzte ondorioak.

Jakinarazi dutenez, COVID-19aren txertoa hartu eta bi hilabete ondoren dagoen antigorputzen mailaren antzekoa lortzen da, lo gutxi eginez gero. Dena den, lo-gabeziaren ondorioa ez da soilik COVID-19aren txertoekin nabaritzen; beste txertoekin ere gertatzen da. Hain zuzen, gripearen eta A eta B hepatitisen aurkako txertoak ikertu dituzte batez ere. Ikusi dutenez, gizon gazteetan, eragina pixka bat nabarmenagoa da, baina zehaztu dute ikerketa gehiago behar direla hori baieztatzeko. 

Emakumeetan, loaren eta erantzunaren arteko erlazioa gorabeheratsuagoa da. Ikertzaileen ustez, sexu-hormonen eraginagatik gerta daitezke daiteke hori. Beraz, interesgarria izango litzateke ikustea nola eragiten duten hilekoaren zikloak, antisorgailu hormonalek eta menopausiak. Alabaina, aztertu dituzten ikerketetan ez zuten neurtu hormonen maila; horrenbestez, ez dute ondoriorik ateratzerik izan.

Nolanahi ere, txerto bat hartu arretik eta ondoren nahikoa lo egitearen garrantzia azpimarratu dute.

 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia