}

Linnaeus, Carolus

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1707-1778)

Smalandeko Rashult-en 1707ko maiatzaren 23an jaiotako botanikari suediar honen izena Carl von Linné zen, baina izenburuko latinizatua ezagunagoa da zientzilarien artean.

Bere aita artzain protestantea zen eta jardin botaniko txiki bat zeukan. Linnaeus gazteak han ordu asko igarotzen zituen eta horregatik botanikari txikia deitzen zioten.

Uppsalako Unibertsitatean medikuntza ikasi zuen eta han ari zela, landareen lorezil eta pistiloez arduratu zen. Ugal-aparatuan oinarrituta, landareak sistema berri eta hobean sailka zitezkeela pentsatu zuen.

1730ean Uppsalako Unibertsitatean botanika-irakasle izendatu zuten eta 1732an Laponiara joan zen Suediako Zientzi Akademiaren babesean. Eskandinaviako iparraldean 7.400 kilometro korritu zituen, bertan ehunen bat landare-espezie berri aurkituz. Hango animaliak ere aztertu zituen eta sexuari garrantzia ematen ziolako (arra) eta (emea) ikurrak berak erabili zituen lehen aldiz.

Europako mendebaldera eta Ingalaterrara ere egin zituen bidaiak eta 1735ean Systema Naturae liburua argitaratu zuen. Liburu horretan izaki bizidunak sistematikoki sailkaturik agertzen dira eta horri esker hartzen da gaur egun Linnaeus taxonomia modernoaren aitatzat.

Bi hitzeko nomenklatura erabili zuen, landare edo animalia bakoitzari bi izen ipiniz: Quercus robur edo Salamandra luschani adibidez. Lehen izenak landare edo animalia zein jenerotakoa den adierazten du eta bigarrenak zein espezietakoa den. Linnaeusen liburuak zazpi plegu handi zituen lehen aldiz argitaratu zenean, baina hamargarren argitaraldian 2.500 edukitzeraino luzatu zen.

1737an Linnaeusek beste bi liburu argitaratu zituen: Flora Lapponica eta Genera Plantorun izenekoak. 1753an Species Plantorum liburua argitaratu zuenean, mundu guztion ospetsu egin zen. Gaur egun ere liburu hori hartzen da oinarritzat loradun landareak eta iratzeak sistematikoki sailkatzeko.

1755ean Espainiako erregeak eskaintza bat luzatu zion bertara lanera joan zedin, baina Linnaeusek ezezkoa erantzun eta Suedian segitu zuen Historia Naturala unibertsitatean irakatsiz. Oso irakasle ona zen eta bere ikasleak munduko bazter guztietara bidaltzen zituen biziaren forma berriak bila zitzaten.

1757an nobleziako titulua eman ziotelarik, Carl von Linné izena erabili zuen. 1778an hil zen Uppsalan urtarrilaren l0ean. Ondoren, sir J. E. Smith britainiar dirudunak bere eskuizkribuak eta belar-, intsektu- nahiz maskor-bildumak erosita Londresera eraman zituen eta gaur egun Han daude Linnaean Society elkartearen egoitzan. Esaten dutenez, Suediako erregeak Linnaeusen gauzak itsasuntziz Ingalaterrara zihoazela jakin zuenean, fragata bat bidali omen zuen ondoren eta horren inguruan halako historia dramatiko bat asmatu izan da. Ez da ordea, egia.

Linnaeusek sailkapenerako zuen grina ia-ia gaixotasuna ere bazen. Espezieen eta beren jeneroen zerrendak egiteaz gain, jeneroak klasetan eta klaseak ordenatan sailkatu zituen. (Geroago Cuvier-ek ordenak filumetan ere sailkatuko zituen).

Linnaeus erlijiozale izan arren, gizakia Homo Sapiens gisa orangutanaren (Homo Troglodytesen) jenero berean sailkatzera ausartu zen. Baleak eta antzeko animaliak ere ugaztunen jeneroan sartu zituen.

Talde handitatik talde txikietara eta espezietara zuhaitz baten antzerako sailkapena egiteak izaki bizidunen jatorrizko formetatik gaur egungo forma konplexuetarainoko eboluzioa aztertzeko asko lagundu du.

Linnaeusek ordea, eboluzioaren ideia ez zuen inola ere onartzen. Haren ustez sortu zirenez gero espezie berririk ez zen agertu eta harez gero, ez zen batere desagertu.

Cuvier, Jussieu eta Candolle-k Linnaeusen sailkapen-sistema garatu egin zuten eta bide horri jarraituz, ezinbestekoa zen halako batean Darwin bat agertu eta eboluzioaren teoria taxututa plazaratzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia