}

Likopenoaren ahalmen antioxidatzailea

2002/09/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur egun asko hitz egiten da zenbait substantzia eta janariren ahalmen antioxidatzaileaz, baina, lehenik, garrantzitsua litzateke honako hau argitzea: zergatik da funtzio hori hain garrantzitsua gure gorputzean?

Egoera fisiologiko normaletan, organismo bizi guztietan gertatzen dira estres oxidatzaileak, zelula eta ehunetako oxidazio-fenomenoak. Prozesu horiek, egoera normalean, sistema antioxidatzaileek kontrolatzen dituzte. Sistema oxidatzaileen eta antioxidatzaileen artean desoreka gertatzen denean, ordea, eritasun kronikoak eta endekapenezkoak jasateko arriskua, minbizia eta bihotzeko gaixotasunak esaterako, handiagoa izan ohi da.

Oxidazio-erreakzio arruntenek oxigeno erradikal eta erreaktiboak eratzen dituzte (erradikal aske deiturikoak), eta horiek DNAn eraldaketak eragin ditzakete.

Oxidatzaile horiek gorputz barnekoak edo kanpokoak (tabakoaren kea, eguzki-izpiak, erradiazio ionizatzaileak, etab.) izan daitezke. Horien guztien aurrean gure osasuna babestu ahal izateko, beharrezkoa izango dugu gure eguneroko dietaren bitartez antioxidatzaileak barneratzea.

Antioxidatzaileek oxidazio-erreakzio horiek inhibitu eta oxigenotik eratorritako erradikalak blokeatzen dituzte. Egun ezagutzen diren antioxidatzaile nagusienak zenbait bitamina (alfa-tokoferolak edo E, beta-karotenoak edo A eta C) eta oligoelementu batzuk (selenioa, kobrea eta zinka) dira.

Likopenoa A bitamina bilakatzen ez den karotenoide natural bat da. Horixe da zenbait fruta eta barazkiri kolore gorria ematen diena. Landarea heltzen doan heinean, klorofila-mailak gutxituz doaz eta likopenoak, nagusiki, eta beste karoteno batzuek, maila txikiagoan, nagusitasuna hartzen dute. Horiek ematen diote landareari kolorea eta distira.

Ezaugarri fisikoei dagokienez, likopenoa disolbagarriagoa da disolbatzaile organikoetan (eterra, kloroformoa...) uretan baino. Eta egitura kimikoari esker du ahalmen antioxidatzailea: lotura bikoitz ugari ditu eta horrek ahalmen oxidatzaile izugarria duten oxigenozko erradikal askeak bilatzeko erraztasuna ematen dio. Likopenoak, gainera, zelulen garapenaren kontrolean parte hartzen du. Likopenorik ez dagoenean, zelulak modu nahasiagoan hazten dira.

Likopenoa, giza gorputzean, barrabiletan, prostatan, giltzurrun gaineko guruinetan eta gibelean aurkitzen da, batik bat. Maila txikiagoan, bularretan, arean, biriketan, larruazalean, etab.

Likopenoa ez dugu janari askotan topatzen, eta tomatea litzateke substantzia horren iturririk aberatsena (0,7-20 mg/100 g). Sandiak (2,30-7,20 mg/100 g), guaiabak (5,23-5,50 mg/100 g) eta papaiak (0,11-5,30 mg/100 g) ere badute neurri batean.

Hala ere, jaki horien likopeno-kantitatea aldatu egiten da hainbat faktoreren arabera: ongi helduta dauden ala ez, zenbaterainoko eraldaketa-prozesuak jasan dituzten, etab.

Horrez gain, beste janari askoren kasuan gertatzen ez den bezala, janaria berotu ondoren likopenoaren bioerabilgarritasuna areagotu egiten da, hau da, sukaldaritza-prozesua jasan duen tomatearen likopenoa eragingarriagoa den isomeroa bilakatzen da. Xehetutako tomateak ere efektu berbera du. Bestalde, gure dietan lipidoak eta likopenoak elkartzeak azken horren disoluzioa errazten du, eta hesteetan errazago xurgatzen da. Hori dela eta, likopenoa probetxugarriagoa da tomatea olioarekin berotu edo egiten dugunean, eta likopenoak minbizia eta bihotzeko gaixotasunak prebenitzeko duen ahalmena eraginkorragoa da.

Tomatea

Dieta mediterraneoan oinarrizkoa den osagai hau Mexikotik etorri zen XVI. mendean, baina 200 urte baino gehiago igaro ziren, Frantzia, Alemania eta iparraldeko Europa guztian onartu aurretik.

Tomate freskoaren ia % 94 ura da, baina, horrez gain, karbohidratoak (% 3,54), proteinak (% 0,85) eta koipeak (% 0,33) ditu. Oso energia gutxi ematen duen janaria da (21 Kcal/100 g-ko). Gainera, uretan disolbagarria den zuntza ere badu (% 1,1); horrek, hesteen mugikortasuna areagotzeaz gain, odoleko kolesterol-maila gutxitzen du.

Hala ere, ematen dituen gatz mineral, bitamina eta substantzia fitokimikoengatik da hain aberatsa, batez ere.

Gatz mineral nagusiena potasioa da (222 mg/100 g) eta ondoren burdina (0,45 mg/100 g), magnesioa eta fosforoa. Burdinaren iturri egokia dela esaten da: pisu berean, esneak baino bederatzi aldiz burdina gehiago ematen du, esate baterako.

Bitamina ugariena C bitamina da (19,1 mg/100 g). Laranjak (53,2 mg/100 g) baino gutxiago du, baina tomate batekin egunero behar dugun C bitaminaren herena lortzen dugu. B1, B2, B6, niazina, azido folikoa eta A probitaminaren kantitate garrantzitsuak ere baditu.

Substantzia fitokimiko hauek topatzen ditugu batez ere tomatean:

  • Azido organikoak: malikoa eta oxalikoa. Tomatea heltzen doan heinean, azidoa gutxitu eta azukre-kantitatea gehitzen da.
  • Likopenoa.

Ezaugarri horiek direla eta, guztiontzat oso onuragarria da tomatea jatea, modu anitzetara (gordinik entsaladetan, tomate-zukua, tomate-saltsa...), eta bereziki gomendagarria da honako kasu hauetan:

  • Prostatako gaixotasunetan: Harvard-eko Unibertsitatean eginiko ikerketa batek erakutsi du tomatea ohikoa den dieta kontsumitzen duten gizonezkoek prostatako minbizia jasateko arriskua oso urria dela. Tomatean kantitate handian agertzen den karoteno honek prostatako zelulei ongi hazten laguntzen die, eta oxidaziotik babesten ditu. Horrela, organo horren funtzionamendu egokia eragiten da.
  • Giltzurruneko arazoetan funtzio garbitzailea du: tomateak odolaren alkalinizazioa eragiten du, eta hondakin metaboliko azidoak kanporatzen laguntzen du. Beraz, oso garrantzitsua da tomatea kontsumitzea hezueria (azido uriko gehiegi) edo odolean urea-maila altua dagoenean, giltzurrunen lana errazten baitu.
  • Defentsa-urritasuna dagoen kasuetan: bitamina, gatz mineral eta, bereziki, karoteno antioxidatzaile ugari duenez, tomatea funtzio immunitarioen bizkorgarri naturala da, eta defentsak gehitzen ditu.
  • Arteriosklerosia eta zirkulazio-gaixotasunak daudenean: tomateak antioxidatzaile-funtzioa duenez, kolesterolaren oxidazioa ekiditen du. Ondorioz, zirkulazioko eta bihotzeko arazoen prebentzioan parte hartzen du.
  • Minbiziaren prebentzioan: prostatako minbiziaz gainera, orokorrean digestio-aparatuko minbizietatik (ahoa, hestegorria, urdaila, etab.) babesten gaitu.

Jarraian, tomatearen likopenoa eta, orokorrean, propietate guztiak modu egokienean aprobetxatu ahal izateko dieta mediterraneoan ezagunak diren bi proposamen aztertuko ditugu:

  • Gazpatxoa: mila modutara presta daiteke, baina oinarrizko osagaia beti tomatea izaten da. Gero, tokian tokiko ohituren arabera, baratxuria, pepinoa, ogia, oliba-olioa... gehitzen zaizkio.
  • 'Pa amb tomaquet' (ogia tomatearekin): Kataluniako plater gastronomikoa. Bi zentimetroko lodierako ogia tomate heldu batekin igurtzi eta gatz apur bat eta oliba-olioa gehitu. Dieta mediterraneoaren funtsa modu oso egokian biltzen du errezeta honek.

Bi plater horiek, gozoak izateaz gainera, osasun-iturri ezin hobea dira azaldutako guztia kontuan hartuta.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia