Leuzemia batzuk sendagai berriei aurre egiten diete
2001/06/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Leuzemia mieloide kronikoa leuzemia guztien % 15 da eta STI-571 sendagaia bereziki leuzemia-mota horrentzat egin zen. Hain zuzen ere, sendagai horrek leuzemiaren hazkundean ezinbestekoak diren entzimak inhibitzen ditu. Leuzemia mieloide kronikoa hastapenetan duten ia gaixo guztiek nabarmen hobera egin dute sendagai horrekin. Leuzemia garatuta dutenekin, ordea, ez dute emaitza bera lortu. Hasieran gaixoaren egoera hobetzen bada ere, gaixoen % 80ak berriro atzera egiten du, urtebete igaro baino lehen.
Erresistentzia horren arrazoia aurkitzeko, Kaliforniako Unibertsitateko Charles Sawyer ikerlariak eta bere taldekideek sendagaiak inhibitzen dituen entzimak aztertu dituzte. Entzima horiek ekoizten dituen genea Bcr-Abl onkogenea da, eta gene horren jarduera entzimatikoa aztertu zuten berriro gaixotu ziren 11 gaixoren tumoreetako zeluletan. Ikertzaileek espero ez bezala, jarduera entzimatikoa zelula guztietan oso altua zela ikusi zuten (tumore-zelulak genetikoki ezegonkorrak direnez, sendagaiaren eragina beste aldaketa baten bidez indargabetuko zutela uste zuten). 6 gaixotan, erresistentziaren arrazoia Bcr-Abl genearen mutazioa zela ikusi zuten. Mutazio horri esker, tumorearen hazkundean ezinbestekoa den jarduera entzimatikoari eusten zioten tumore-zelulek. Beste hiru gaixotan, genearen kopiak sortu eta sendagaiak eraso zitzakeen baino entzima gehiago ekoizteko gaitasuna lortu zuen tumoreak.
Era batera edo bestera, sendagaiaren helburu diren entzimak ekoizten dituen genearen aldaketek sortzen dute erresistentzia. Orain, entzima horiek inhibitzeko beste sendagai batzuk bilatu beharko dira, STI-571 ez baita nahi bezain eraginkorra kasu guztietan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia