}

LEONHARD EULER

1995/08/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Matematikari suitzar hau, Basilea-n jaio zen 1707. urteko apirilaren 15ean. Bere aitarengandik ikasi zuen matematika. Basileara bidali zuten teologiako ikasketak egitera. Bertan, Jacques I Bernouilli, suitzar jakintsua, izan zuen irakasle (bere aitak izan zuen irakasle bera), honen semeen lagun handi egin zelarik. Hauek San Petersburg-era (Errusiara) joan ziren 1732an, Katalina I.a Errusiako enperatrizak eskaturik, eta Euler beraiekin eraman zuten. Han matematikako katedran hasi zen lanean.

1735. urtean, garuneko kongestio baten erruz, begi bateko ikusmena galdu zuen. Hurrengo urtean Mekanikako Itun Osoa idatzi zuen. Bertan analisi matematikoa higiduraren zientziari aplikatzen zion. 1741. urtean Berlinera joan zen Federiko II.a Danimarka eta Norvegiako erregeak gonbidaturik, Zientzi Akademiari indar-pixka bat eman ziezaion. Garai hartan, Isoperimetroen Teoria idatzi zuen. Teoria horren bidez, kurbak determina zitezkeen.

Leonhard Euler matematikari suitzarra Basilea-n jaio zen 1707an.

Liburu harekin batera, Kometen eta Planeten Higiduraren Teoria eta Imantazioaren Teoria idatzi zituen, Prusiako erregeari balistikako arazoak konpondu zizkielarik. Urte batzuk geroago, beste bi liburu idatzi zituen: Kalkulu Infinitesimalerako Sarrera (1748) eta Kalkulu Diferentzialaren Instituzioak (1755).

1766an San Petersburgera itzuli zen. Urte hartan bertan, geratzen zitzaion begi oneko ikusmena galdu zuen. Baina Eulerrek ez zion lan egiteari utzi. 1768 eta 1770. urte bitartean, Kalkulu Integralaren Instituzioak liburua agertu zen.

Bere matematika, astronomiari aplikatu zion, perturbazio batzuen izaera ondorioztatu zuelarik. Horregatik, Euler, Laplace eta Lagrange-ren teorien aitzindari izan zen. Ilargiari buruzko teoriaz egin zuen lanik handiena, hau da, Ilargiaren higidura zehatzaren analisiaz. Nahiz eta emaitzak zuzenak izan ez, ordurarte egindakoarekin konparatuz aurrerakuntza handia izan zen. Horrez gain, argia uhin-forma bat zela eta kolorea uhin luzeraren menpekoa zela adierazi zuen. Gizaldi bat geroago, adierazpen hauek baieztatu egin zituen Young zientzilari britainiarrak.

Apopleji atake batez hil zen San Petersburgen 1783. urteko irailaren 18an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia