}

Lekuan lekuko tenperatura-aldaketen Europako mapa interaktiboa osatu dute

2021/03/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lekuan-lekuko-tenperatura-aldaketen-europako-mapa-
Mapan, herrialdez herrialde ikus daiteke tenperatura-aldaketa. Adibidean, Usurbilgoa. Arg. EDJN

Azken berrogeita hamar urteetan izandako tenperatura-aldaketalekuz leku erakusten duen Europako mapa interaktiboa osatu dute. Datu xeheak dira, 100.000 udalerrik baino gehiago hartu baitituzte aintzat, eta, tenperaturek izandako bilakaera ikusita, baieztatu dute kontinentea osoa berotzen ari dela. Hain zuzen, udalerri horietako heren batean, batez besteko tenperatura 2 ºC baino gehiago igo da 1960ko hamarkadatik azken hamarkadara arte, eta, zenbait eremutan, 5 ºC arteko aldea dago. Salbuespenak ia-ia baztergarriak dira: 102.445 eremuetatik 73tan ikusi dute batez besteko tenperaturak jaitsi direla, baina gradu bateko hamarren batzuk baino ez.

Ikerketa OBC Transeuropak egin zuen 2020an, EDJN Europako Datu Kazetaritzaren Sarerako (EDJN). 1961etik 2018ra bitartean Copernicusek eta ECMWF zentroak bildutako datuetan oinarritzen da. Zehazki, lurzorutik bi metrora neurtutako tenperaturen balioak ematen dituzte datuek, eta 5,5x5,5 km-ko area duten eremuen sareta bat estaltzen dute. Herririk ez duten eremuetan, datuak ez dira errealak, baizik eta hurbilketaz kalkulatutakoak.

Mapa helbide honetan ikus daiteke: https://climatechange.europeandatajournalism.eu/en/map

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia