}

Leishmaniari kutsatzeko gaitasuna ematen dion molekula agerian

2001/04/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Washingtongo Unibertsitateko Medikuntza Falkultateko ikertzaileek Leishmania izeneko parasitoari gizakiak kutsatzeko gaitasuna ematen dion molekula identifikatu dutela argitaratu dute Science aldizkarian.

Parasito mikroskopiko horrek leishmaniasia gaixotasun ultzerosoa eragiten du eta urtean 10 milioi pertsonatik gora kutsatzen ditu eremu tropikaletan. Askotan hilgarria da eta ez dago ez txerto ez tratamendu eraginkorrik bere aurka.

Parasitoa, bere bizitzan zehar, hainbat ziklotik pasatzen da. Lehenengo estadioan eltxo baten digestio-aparatuan bizi da. Han biopterina lortzen du eta tetrabiopterinan (H4B) transformatzen du, hazteko beharrezkoa baitu. Eta, hain zuzen, molekula hori da leishmaniaren birulentzia kontrolatzen duena.

Lehenengo estadioaren amaieran, parasitoaren hazkundea gelditu egiten da eta estadio infekziosora pasatzen da. Eltxoak animaliari edo gizakiari heltzean, parasitoa odoleko globulu zurietan sartzen da. Bertan, beste estadio batera pasatzen da eta horrek sortzen du gaitza.

Coloradoko eta Kentuckyko Unibertsitateetan egindako ikerketan, bioperina H4B bihurtzen duen entzimaren genea kendu zieten parasitoei, saguak infektatzeko gai ziren ikusteko. Espero ez zuten emaitza izan zuten: leishmaniaren infekzioa sortzeko gaitasuna areagotu egin zen. Bi aste igaro ondoren, parasito mutanteaz infektatutako saguek leishmania normalarekin infektatutakoak baino 50 aldiz parasito gehiago zituzten. Dirudienez, infekzioaren abiadura eta hedapena bigarren estadioan dauden parasito-kopururen araberakoa da eta entzimarik ez duten parasitoak errazago pasatzen dira bigarren estadio horretara.

Bestalde, H4B-kantitate asko badute, parasitoek infekziosoa ez den estadioan diraute. Nonbait, ugaztunak infektatzeko gaitasuna mugatzea onuragarria da parasitoarentzat. H4B-kantitate egokia badute, parasitoei ugaltzeko denbora ematen die beren ostalaria bizirik dagoen artean. Horregatik, ostalaria azkarregi hiltzea ez da komenigarria parasitoentzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia