Lehia zelula amen ikerketan
2007/11/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Mitalipoven taldeak makako heldu baten fibroblastoak erabili ditu, hau da, ehun konjuntiboaren zelulak. Fibroblastoaren nukleoa nukleorik gabeko obulu batean sartu dute; hartara, obuluak makako haren informazio genetikoa du. Ondoren, enbrioia garatzen hastea eragin dute, blastozisto-faseraino. Hain zuzen ere, lehen fase horretan, enbrioi-zelulak espezializatu gabe daude, eta, beraz, edozein zelula-mota bilakatzeko gaitasuna dute. Alegia, zelula amak dira.
Beste animalia batzuetan, ikertzaileek lehenago lortu zuten hori bera, baina primateetan ez zuten lortzen aurrera egitea. Mitalipovek, ordea, aldaketa batzuk egin ditu zelula helduaren nukleoa obuluan sartzen den pausoan, eta, dirudienez, asmatu egin du. Metodoak gizakietan ere balio izatea espero dute.
Arazo handi bat du, ordea: etikoki, batzuei onartezina iruditzen zaie enbrioi bat sortzea eta gero suntsitzea. Eta orain argitaratu dituzten beste ikerketek ez dute halako arazorik, beste bide batetik lortu baitituzte zelula amak. Gainera, giza zelulekin egin dute.
Birprogramazioaren bidetik
Hain zuzen ere, Cell -ek Kyotoko Unibertsitateko Yamanaka-ren taldearen lana argitaratu du, eta Science -k AEBko Wisconsin-Madison Unibertsitateko Thomson-en taldearena , eta biek ere zelula helduak birprogramatuz lortu dituzte zelula amak. Zehazki, zelula diferentziatuak zelula amaren antzekoak bilakatzea lortu dute, enbrioiaren garapenean ezinbestekoak diren gene batzuk txertatuta.
Yamanakak iaz eman zuen teknika horren berri, eta saguetan probatu zuen. Eragozpen handi bat zuen, ordea: saguen zeluletan lau gene txertatu behar zituen, eta, horretarako, erretrobirus bat erabili zuen. Birusak erabiltzea ez da batere segurua, eta txertatutako faktoreetako batek tumoreak eragiten zituela ikusi zuen. Hala ere, giza zelulekin teknika berbera erabili du orain. 36 urteko emakume baten eta 69 urteko gizonezko baten azaleko zeluletatik abiatu da, eta lortutako zelula amak bihotz-zelula eta neurona bilakatzea ere lortu du, baina saguetan zuten arrisku berberak ditu.
Thomsonen taldea, berriz, haur jaioberri baten zelula fetaletatik eta prepuzioko zeluletatik abiatu da. Eta haiek birprogramatzeko, zelula ama bihurrarazteko, lau gene txertatu dituzte, baina ez Kyotokoek erabilitako berak: bi berdinak ziren eta beste biak ez. Hala, ustez, ez dute sartu tumorea eragiten duen faktorea, baina, edonola ere, birus baten bidez txertatu dituzte geneak.
Gainera, estatubatuarrek onartu dute gutxienez 14 genek parte hartzen dutela birprogramazioan, baina lau horiekin nahikoa izan dutela oraingoan. Ez dute garbi, ordea, bakoitzaren funtzioa. Zer egiten dute erabili gabekoek? Zer gertatzen da haiek falta badira?
Oraindik galdera asko dituzte erantzuteko, baina, lehia-giroak akuilatuta, etapak gainditzen ari dira. Ingurukoek, bitartean, dopinik (iruzurrik) egon ez dadin zaintzen dute, eta irrikaz itxaroten dute, txapela janzteko ordua noiz iritsiko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia