}

Lehen film galaktikoa

2002/03/27 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Astronomoek lehen aldiz filmatu dituzte galaxia baten erdialdeko izarrak, hautsa eta gasa. Pelikula plater-itxurako NGC 1068 galaxiaren diskoarena eta erdialde distiratsuena da eta, materiaren banaketa zein den eta galaxia osoan zehar nola mugitzen den ikusteko balio izan du. Zehazki, ustez galaxiaren erdian dagoen zulo beltzaren ingurutik kanporatua den materia galaxiaren diskoaren kontra txikitzen den eskualdea aztertu dute.

Galaxien bihotzean materia nola eta zein abiadurarekin higitzen den jakitea funtsezkoa da horien funtzionamendua ulertzeko. Izan ere, galaxiaren masa eta erdialdetik ihes egiten duen energia zenbatekoak diren jakiteko balio du. Orain gutxi, Hubble teleskopioak galaxia bera aztertu zuen, baina Hubble-k galaxia-zati oso txikian azter dezake materiaren higidura. Durham Unibertsitateko astronomoek Hawaii-ko GMOS teleskopioa IFU deritzon instrumentuarekin lotu dute, intsektuen begien antzera funtzionatzen duen gailua, filma egin ahal izateko. Teknika Hubble-k erabiltzen duenaren parekoa da, hau da, galaxiaren ebaketen argiaren distira eta uhin-luzera neurtzen ditu objektuak urruntzen edo hurbiltzen ari diren jakiteko, baina argi gehiago jaso dezakeenez, galaxia osoa aztertzeko aukera ematen du.

NGC 1068 galaxia Cetus konstelazioan dago, gugandik 70 milioi argi-urtera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia