Legamien bost kromosoma artifizial sortu dituzte
2017/03/09 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Legamien Genoma Sintetikoa proiektu internazionalak emaitza berriak eman ditu: dagoeneko bost kromosoma artifizial gehiago sortu dituzte laborategian. Duela hiru urte sintetizatu zuen Jef Boeke genetikariaren taldeak Saccharomyces cerevisiae legamiaren lehenengo kromosoma sintetikoa, eta orduan, bizitza eukarioto artifiziala sortzeko bidean urrats gakotzat jo zen. Lorpen berriarekin, legamiaren genomaren herena gainditu dute jada, eta legamia artifizialak sortzetik gertu jarri ditu ikertzaileok. Izan ere, bizirik iraun dute legamiok.
Gainera, dagoeneko amaitu dute lehenengo genoma eukarioto sintetiko hipotetiko horren diseinua; benetan sintetizatzea falta zaie bakarrik. Legamiaren 16 kromosometatik 10 sortu behar dituzte. Ikertzaileek adierazi dutenez, jatorrizkoaren aldean moldaketa asko ditu diseinu berriak: funtziorik gabeko sekuentziak kendu, eta geneak nahieran piztu eta itzaltzeko sekuentzia erregulatzaileak sartu baitituzte. Genomaren 1,1 megabase ezabatu, txertatu edo moldatu egin dituzte.
Diseinua BioStudio kode irekiko softwarearen bidez egin dute, eta ikertzaileen arabera, kromosomak neurrira diseinatzeko aukera ematen duenez, diseinu-estrategia egoki batez eskuragarri gera daitezke beste era batera erantzuteko oso zailak izango liratekeen galderak; hala nola, zein sekuentzia kendu daitezkeen legamiaren bizitza kolokan jarri gabe, zein dituen bizitzeko behar-beharrezkoak, eta nolakoa den haien guztien eboluzioa. Izan ere, genomak etengabeko aldaketak izaten ditu: delekzioak, bikoizketak, txertaketak, aldaketak, baita elementu genetikoen inbasioak ere, eta hori argitzeak eukariotoen genoma hobeto ulertzeko aukera emango luke.
Science aldizkariak eman du proiektuaren aurrerakuntza guztien berri.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia