}

Larre berriak hegoamerikako lur elkorretan

1988/10/01 Tapia, Xipitri Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kolombiarrek, hegoamerikar gehienen antzera, behi-haragia nahi dute jateko. Baina, aziendarentzako larre onak oso urri dira Hegoamerikako leku tropikaletan. Herri hauetako pobrezia izan da nekazari txikiak nekazaritzarako lurrak garbitzera bultzatu dituena. Hegoameriketan lanean ari diren nekazal ikerlariek erronka bikoitz bati aurre egin behar diote. Alde batetik esnea eta haragia lortu nahi dira eta bestetik lur elkorrak nekazaritzarako lur bihurtu nahi dira.

Hegoamerikako populazioa hazteak, haragi- eta esne-behar handiagoa sortuko du eta beraz, abeltzainek garrantzi handia har dezakete. Kolombiako familiarik pobreenak ere, beren irabazietatik laurdena gutxienez haragi eta esnetan gastatzen dute.

Azken urteotan arazoa larriagotu egin da jendea kanpotik hirietara joan delako. Migrazioak, Hegoamerikan, garestitu egin ditu hirien inguruko nekazaritza-lur onak.

Kolombian, aldiz, nekazariek beren lur pobreetan bizitzen jarraitzen dute. Hiriko bizitzari uko egin eta lautadetako, sabanetako edo baso tropikaletako lurrak emankorrago bihurtzen ari dira. Finantzazioa da nekazariak honelako lekuetara bultzatzen dituena, zeren eta lurrak oso pobreak bait dira eta beraz, ongarri-kantitate handiak behar dira. Nekazari pobreek baso tropikaletako zati batzuk erre egiten dituzte, lurrak materia organikoa izan dezan. Baina ongarri hau nekazaritza intentsiboan urtebetean agortzen da.

Hala ere, sabana nahiz baso tropikaletako lurrak gero eta gehiago erabiltzen dira nekazaritzan. 1950ean adibidez, Kolombiako lurrik hoberenak dituen Cauca bailarako lurraldeak aziendarentzako janariaren % 7,4 hornitzen zuen eta, 1985ean % 2,2ra jaitsi zen portzentaia hori.

Orain dela 10 urte Kolombiako nekazaritza-ikerketarako instituzioak CIATekin (Nekazaritza Tropikalerako Nazioarteko Zentruarekin) batera, lautadak eta basorik gabeko lurrak hobetzeko planari ekin zion. RIEPT izeneko erakundea sortu zen orduan. Bertan 20 naziotako 78 erakundek parte hartzen dute eta helburua Hegoamerikako lur tropikalak larre bihurtzea da.

CIATek bere programaren barnean duen ideia nagusienetakoa laborea eta belarra elkartzea da, hau da, hauek txandaka ereitea. Europan normala den txandakatze hau, Hegoamerikan berria da bertako nekazarientzat. Laboreak, belarrak behar duen nitratoa hornitzen du hasieran. Gero landare hondakin edo animali hondakinek iharduera mikrobiologikoari eragiten diote eta horrela pixkanaka-pixkanaka fauna eta floraren arteko menpekotasuna sortzen da.

Laborea/belarra bikoteak hektareako eduki dezakeen azienda, belarrak bakarrik eduki dezakeena baino handiagoa da, hots, lehenengo egoeran lau animalia eduki badaitezke, bigarrenean hiru.

Orain arte aipatutako arazoei beste batzuk erantsi behar zaizkie. Nekazari txikiek okupatu dituzten lurretan mamioka, baberruna, artoa, kafea eta tomatea hazten dira.

Berez, lurra gorria da, aluminio eta burdin oxidoaren eraginez. Bi substantzia hauek pozoitsuak dira landareentzat. Lur hauetan ez dago fosfororik eta nitrato-kantitate txikia dute. Lur elkorren eskalan neurtuta, txarrenen aurrekoak dira zientzilariek diotenez.

Gainera lur hauek higadura handia jasan dute. Beraz, higadurari oztopoak jarri behar zaizkio eta hori lortzeko belar-geruza izatea da bidea. Baina nekazariek baliabide ekonomikoak urri dituztenez, belar-geruza ongarririk gabe lortu beharko dute.

Guzti hau dela eta, CIATeko ikerlariek labore/belarra bikotearen alde apostua egin dute eta horretarako espezierik egokienen bila ari dira. Belar-arloan hiru belar-mota daude lehian ( Brachiaria decumbens, Brachiaria humidicola, Brachiaria dictyoneura ) eta labore-arloan bi labore-mota ( Desmodium ovalifolium eta Arachis pintoi ). Azkenean badirudi lurraren arabera, irtenbide mistoetara jo beharko dela, zeren eta batzuk besteak baino ongarri gehiago behar bait dute.

Alderdi ekonomikoak hautespena mugatuko badu ere, bertako oreka ekologikoa gehiegi ez baldintzatzea espero dezagun.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia