Elhuyar zientziaren komunikazioa

Landare-hormak, eraikinetan soinua xurgatzeko

2015/01/08 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

EHUko ikerketa baten arabera, landarez osatutako hormek soinua xurgatzeko ahalmen handia dute, eta soinu-isolatzaile gisa ere erabil litezke.

landare-hormak-eraikinetan-soinua-xurgatzeko
Soinu-xurgapenaren proba egiteko erreberberazio-gela. Arg. EHU

Horma berdeak landare-moduluz osatzen dira: landareak polietilenozko kaxetan sartzen dira, eta irrigazio organiko bidez mantentzen; hots, negutegietan erabili ohi diren sistema hidroponikoen antzeko sistema baten bidez. EHUren Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan ikerketa bat egin dute, halako hormak soinutik babesteko erabilgarriak diren ikusteko.

Ikerketan, horma berdeen soinu-xurgapena eta soinu-isolamendua aztertu dituzte, ISO arauek ezartzen dituzten baldintzak betez. Alde batetik, erreberberazio-gela batean egindako probetan, ikusi dute horma berdeek zarata murrizteko oso errendimendu ona dutela, frekuentzia baxu zein altuetan (eraikinetan erabili ohi diren bestelako materialek ez bezala, haiek frekuentzia altuetan edo baxuetan bakarrik baitute errendimendu ona). Bestetik, laborategiko horma batean landare-moduluak sartuta, ikusi dute soinu-isolatzaile egokiak izan daitezkeela.

Eraginkorrak izangatik, gaur gaurkoz eraikin berezietarako aukera gisa soilik ikusten dituzte halako hormak ikertzaileek. Izan ere, landareak horma gisa erabiltzeko kondizioetan haztea eta mantentzea lan zaila eta garestia da, momentuz. Ikerketaren emaitzak Applied Acoustics aldizkarian argitaratu dituzte.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia