}

Lagundutako ernalketa: tratamendu hormonalen onura kolokan

2001/01/31 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Umeak izateko ernalketa artifizialaz baliatzen diren emakumeek hormona bidezko tratamenduak egiten dituzte obulutegiak kitzikatu eta obulu gehiago eman ditzaten, baina Human Reproduction aldizkarian gaur argitaratuko diren bi ikerketen arabera, teknika ez da ez beharrezkoa ezta mesedegarria ere. Osloko Ospitale Nazionaleko ikertzaileek erakutsi dutenez, hormona bidez tratatutako saguetan ernalketak arrakasta txikiagoa izaten du. Lau sagu-talderekin probak egin eta gero, ernaldutako obulua umetokian arrakastaz ezartzeko probabilitatea murritzagoa dela sagu tratatuetan ikusi dute, baita enbrioia garatzekoa ere. Zehazki, hormona bidez tratatutako saguek ezarritako obuluen % 69 galtzen dute, tratatu gabekoek baino bi bider gehiago. Porrotaren zergatiak ez daude argi oraindik, baina umetokiaren kondizio aldaketekin edota obuluen kalitatearekin zerikusia duela uste da.

Bestalde, Erresuma Batuko adituek antzutasunari aurre egiteko emakumeei aplikatzen zaizkien tratamendu hormonalak aztertu eta emakumeen ziklo naturalean oinarritutakoekin alderatu dituzte. Ondorioa adierazgarria da: hormonak hartu edo ez hartu, haurdun geratzeko aukerak parekoak dira. Baina ez hori bakarrik; hormonarik hartu gabe, haurdunaldi anizkoitz gutxiago gertatuko lirateke eta segurtasuna handiagoa izango litzateke. Gainera, teknikaren kostua bostena besterik ez litzateke izango. Laburbilduz, hilekoaren ziklo naturalaz baliatzea hormonak erabiltzea bezain emankorra dela baina merkeagoa. Hormona bidezko tratamenduak aspaldi nagusitu ziren ernalketa tratamenduetan eta ikusi beharko da gaur argitaratutakoek zer ematen duten.

Egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia