}

Labore transgenikoen proba gutxi Europan

2003/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Munduan gero eta landare transgeniko gehiago egiten da. Europako Batasunean, ordea, genetikoki eraldatutako landareen landa-probak % 80 inguru gutxitu dira 1998tik. Ikerketa egin dutenen arabera, jaitsieran eragin handia izan du transgenikoei buruzko luzamenduak. Izan ere, Europako Batasuneko legeek labore transgenikoak landatzea debekatzen ez duten arren, azkeneko urteetan oso baimen gutxi eman dira.

Horretaz gain, beste arrazoi bat kontsumitzaileen jarrera da, jendeak ez baititu onartzen landare transgenikoak. Hori dela eta, konpainia handiak bakarrik arriskatzen dira probak egitera. Hortaz, egiten diren proba guztietatik % 65 konpainia handi horien esku daude, eta % 6 besterik ez dira konpainia ertainek edo txikiek egindakoak; gainerakoak erakunde publikoenak dira.

Hala eta guztiz ere, aurrerantzean landa-probak areagotu egingo direla uste dute adituek, batez ere, intsektuekiko edo gaixotasunekiko erresistentzia edota herbizidekiko tolerantzia duten landareenak. Alergia sortzeko arrisku gutxiago duten landareak edo osasungarriagoak izateko substantziak dituztenak, berriz, ez omen dira hurrengo hamarkadara arte garatuko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia