}

La Villette. Zientzia eta industriaren hiria

1986/06/01 Barrenetxea, Tere - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Martxoaren 13an inauguratu zen Parisen, munduko zientzi museorik ederrenetakoa izango den Zientzia eta Industriaren Hiria proiektuaren parte bat. Presazko inaugurazioa izan da, Halley kometaren atzetik bidalitako Giotto zunda europarraren eta kometa beraren gertueneko hurbilketarekin bat egin zezan, hain zuzen.

Zientzia eta Industriaren Hiria, La Villete izeneko proiektu zabalago baten barruan dago, Musikaren Hiria, antzokia, musika-saioetarako aretoa, ikertzaileentzako etxebizitzak, parkea etab.ekin batera. La Villete-ren azalera osoa 35 hektareakoa izango da eta horietatik 13 Zientzia eta Industriaren Hiriak erabiliko ditu. Azken honen aurrekontuetarako 50.000 milioi pezeta esleitu dira eta mantenimendurako urtero 11.000 milioi pezeta gastatzea espero da. Kopuru honek Frantzian mota honetako proiektuetan inoiz erabilitakoen artean handienetakoa izan behar omen du.

Dagoeneko martxan dauden eraikuntzen artean La Géode izenekoa da ikusgarriena. Zinema moduan erabiltzen den 36 m diametroko esfera bat da, ispilu antzeko altzairu leunduz estalia. Barruan 370 eserleku dauzka eta 1000 m 2 -ko zine-pantaila erdizirkularra. Imajinaren eta soinuaren arloko aurrerapen guztiak ditu erakusleku honek: laserra, hologramen proiekzioa, 180°ko proiekzioak etab. Teknika hauen bidez ikusleak delta edo hodei azkarren gainean, katarata edo mendiko pareta bat igo edo jaisten, ala itsas hondoetan murgiltzen senti dezake bere burua.

Erakusketa Iraunkorra izango da Industria eta Zientziaren Hiriko beste eraikuntza nagusia. Lau atal izango ditu: I. Lurretik Unibertsora. Hauxe da inauguratu berri dena. II. Bizitzaren abentura. III. Materia eta giza lana eta IV. Lengoaia eta komunikazioa. Lurretik Unibertsora atalean, Nautile, frantses urpekuntzi modernoaren tamainu naturaleko maketa, grabitaterik gabeko kabina eta Ariadne jaurtikigailu baten kapsula ikusi ahal izango dira beste zenbaiten artean. Horretaz gain Matematikaren txokoa, minimuseo geologikoa eta bisitarien galderei erantzuteko prestatutako robotak eta 6000 chip izango dira.

Bizitzaren abentura atalean genetika aztertzeko jokoak, 2000. urteko nekazaritzari buruzko teknikak, ekologiari buruzko filmeak etab. luzea jarriko dira bisitariaren eskueran. III. atala, Materia eta giza lana izenekoa, martxan jarriko den azkena izango da, baina baita berrikuntzarik ikusgarrienak eskainiko dituena ere. Bertan gerra-untzi baten maneiua eta airbusaren hegaldiaren simulazioa eta robotika eta energiaren erabilpena aurkezteko asmoa dute. Lengoaia eta komunikazioa sailean, bisitarien higidurak musika bihurtu ahal izango dira eta ahotsak analizatu eta deskonposatu. Gela berezi batean usainen identifikaziorako jolasak prestatuko dituzte.

Dokumentazio inprimatua, ikusentzutezkoa eta informatikoa bilduko dituen Medidteka ere eraikiko da, dokumentuen bilaketa, kontsulta eta urrunerako bidalketa era erosoan burutzeko bitartekorik aurreratuenekin hornitua. 1989rako 300.000 liburu biltzea espero dute eta mundu osoko 5000 egunkariren harpidetzak egingo dituzte. Liburuzainak ere robotak izango omen dira.

Erakusketa iragankorrak antolatzeko asmoa ere badago puntako gaiak edo zientzien arlo bereziren bat era sakonagoan azaltzeko. Eta noski ez dira faltako platerium-a, haurrek esperimentuak eta jolasak egiteko toki aproposak, hitzaldi eta ihardunaldietarako aretoak etab.

Paris aldera bueltatxo bat egiteko asmotan bazara, izango duzu bisitatzeko aukera. Paris-en Iparrekialdean dago eta metro edo autobusez joan zaitezke hiriaren zentrutik, Porte de Pantin edo Porte de la Villete-ra helduz.

Zer dago dagoeneko martxan

    LA GÉODE: ikuskizun-areto erdizirkularra. 180ºko zine-proiekzioak egiten dira bertan.ARLETTY zinema: zinema zientifiko eta teknikoa.LA GRANDE HALLE: Lehenengo hiltegi zahar berritxuratu eta birmoldatua. Ikuskizun eta ospakizun handietarako prestatua.LE ZÉNITH: kontzertu-aretoa.LE THÉATRE PRESENT: Antzerkirako aretoa.ERAKUSKETA IRAUNKORRAREN parte bat: Lurretik Unibertsora gaiaren inguruan.ZENBAIT ERAKUSKETA IRAGANKOR.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia