}

#KulturaZientifikoaren 2. Jaialdia, Zientzia.net-en

2014/04/16 Elhuyar Zientzia

kulturazientifikoaren-2-jaialdia-zientzianet-en

#KulturaZientifikoaren 1. Jaialdi arrakastatsuaren ondoren, hemen dator #KZJaia2.  Zientzia Kaierak pasatako lekukoa hartu du Zientzia.net-ek, eta seguru gaude 2. Jaialdi hau ere aurrekoa bezain emankorra eta aberasgarria izango dela.

Kultura Zientifikoari egindako ekarpenak biltzeko ekimena da #KulturaZientifikoaren Jaialdia. Jakintza-arlo desberdinen inguruko post, artikulu, audio edo bideoak bildu eta sareratuko ditugu. Zertarako?  Kultura Zientifikoaren gaineko ezagutza, onespena eta interesa zabaltzeko Internet bidez.

Apirilaren 28tik ekainaren 20ra, norberak lantzen edo aztertzen duen, edo interesatzen zaion gaiari buruzko lantxo bat prestatu eta sarean partekatzeko gonbitea da hau.

Animatu eta parte hartu!

Oinarriak

- Bi bide izango dira ekarpenak argitaratzeko:  

1. Parte hartzaileak blog/webgunerik ez badu, bere ekarpena Zientzia.net-ek argitaratuko du. Horretarako, posta elektronikoz bidali ekarpena.
2. Parte hartzaileak bere ekarpena bere blog/webgunean argitaratu dezake. Jaialdian parte hartzen duela adierazteko, ekarpenaren bukaeran “Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du” jarri eta Jaialdiaren logoa (goiko irudia) gehitu behar du. Behin hori argitaratuta, Zientzia.net-i helaraziko dio bere sarreraren helbidea.

- Ekarpenak gehienez 1.000 hitzekoak izango dira, eta edozein jakintza-arloko (Giza Zientziak, Gizarte Zientziak, Lege Zientziak, Osasun Zientziak, Zientzia Esperimentalak, Zientzia Teknologikoak) gairi buruzkoak izan daitezke. Beti ere objektiboa eta errepikatzeko modukoa bada aurkeztutako ezagutza. Teoriak, hipotesiak ala iritziak agertuz gero, garbi adieraziko da testuan.

- Argazkiak, bideoak, eta audioak ere partekatu daitezke.

- Partekatutako testuek komentarioak izan ditzakete, eta eztabaida eragin. Eztabaida eta kritika beti ere errespetutik eta argudio konstruktiboak erabiliz egingo da.

- Partekatuko diren ekarpenen hizkuntza euskara izango da.

Helburuak

- Kultura Zientifikoarekin gozatzea.

- Interneten Kultura Zientifikoa euskaraz jorratzen dihardugun eragileen sarea sortzea.

- Zientzia eta Kultura Zientifikoa Hezkuntzan eta gizarte osoan indartzea.

- “Zientzien” eta “Letren” arteko muga artifiziala gainditzen laguntzea.

- Eztabaida eta jarrera kritikoa sustatzea.

- Elkarlana bultzatzea.

Nork har dezake parte?

- Irakasleek: Unibertsitate, batxilergo, DBH, LBH, euskaltegi eta abarretako irakasleek.

- Ikasleek: Unibertsitate, batxilergo, DBH, LBH (Irakasleen bitartez), euskaltegi eta abarretako ikasleek.

- Ikertzaileek: Unibertsitate, ikerketa-zentro, zentro teknologikoetako ikertzaileek.

- Dibulgatzaile eta komunikatzaileek: Edozein hedabideetako kideek.

- Bestelakoek: liburuzainek, dokumentalistek, itzultzaileek, etab.

- Erakundeek: Unibertsitateek, institutuek, ikastolek, museoek, elkarteek, fundazioek, hedabideek, liburutegiek, liburu-dendek, etab.

- Edonork: Oro har, nahi duenak parte hartu dezake.

Kontaktua eta sareko hedapena

Zientzia.net-ek hainbat kanaletatik jasoko ditu bai bertan argitaratuko diren ekarpenak, bai beste blogetan edo webgunetan Jaialdiaren barruan argitaratutakoak:

     - Posta elektronikoa: kzjaia@gmail.com    

     - Twitter: @zientzianet erabiltzaileari bidali zure sarreraren esteka #KZJaia2 traola erabilita

     - Facebook: KulturaZientifikoa Jaialdia talde publikoan argitaratuz

Sare sozialetan (Twitterren eta Facebooken) jaialdiaren inguruko argitalpenak zabalduko dira, Zientzia.net-en bidez zein beste partehartzaileen bidez. Horretarako, twitterren #KZJaia2 traola erabiliko da eta facebook-en KulturaZientifikoa Jaialdia taldea. Hauez gain, gogora etortzen zaizkizuen ala erabilgarriak diren beste kanalak ere erabiltzera animatzen zaituztegu.

Jaialdiak aurrera egin ahala, egindako ekarpenen laburpena egingo dugu Zientzia.net-en. Ekarpen kopuruaren arabera, 2-3 astero egitea aurreikusten dugu. Laburpen hauetan, besteak beste, ekarpen bakoitzaren esteka bilduko da. Jaialdiarekin lotuta Zientzia.net-ek argitaratuko dituen artikulu guztiak #KZJaia2 gaiaren barruan sailkatuko dira. Jaialdiaren bukaeran, ekimenaren laburpena eta balorazioa egingo dugu, eta #KulturaZientifikoaren 3. Jaialdia antolatuko duen blog/webguneari lekukoa pasako diogu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia