}

Kulturak eragin zuen sexuen araberako altuera-diferentzia Neolito Goiztiarrean

2023/12/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kulturak-eragin-zuen-sexuen-araberako-altuera-dife
Niederpöringeko emakumea (Alemania, duela 7.000 urtekoa) Arg. © Mosbatho / CC BY 4.0

Europako iparraldean, Neolito Goiztiarrean (duela 8.000-6.000 urte), gizonen eta emakumeen artean zegoen altura-diferentzia faktore sozio-kulturalek eragindakoa izan zitekeela ondorioztatu dute arkeologoek. 

Nature Human Behavior aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Haren arabera, altuera osasun-adierazle bat da; eta ingurumenak eta elikadurak, pertsona edo talde batek genetikoki har dezakeen altuera mugatu dezakete, egokiak ez badira. Orain arte egin diren ikerketei esker, arkeologoek bazekiten Neolitoko gizakiak ez zirela iritsi genetikoki har zezaketen altuera izatera;baina ez zuten argi horren zergatia, ezta ere zergatik leku batzuetan diferentziak zeuden sexuen artean eta beste batzuetan ez.

Hori argitzeko, Europako leku desberdinetako (ipar-erdialdea, hego-erdialdea, Balkanak eta Mediterraneoa) duela 8.000-6.000 urteko 1.535 banako aztertu dituzte, hainbat metodoren bidez: DNA zaharra, isotopo egonkorren azterketa (dieta ezagutzeko), paleopatologia (osasun-egoera), eskeletoen neurketak, morfologia… 

Azaldu dutenez, Europako ipar-ekialdean ingurumen-estres handia egon zen, baina emakumeei bakarrik eragin ziren altueran. Hau da, emakumeek ez zuten garatu genetikoki izan zezaketen altuera; gizonek bai, ordea. Mediterraneoan, aldiz, ez dago hainbesteko diferentziarik sexuen artean. Hortik ondorioztatu dute iparraldeko taldeek gizonak ingurumen-estresetik babestu zituztela; Mediterraneoan, berriz, ez dute halako jokabideen arrastorik aurkitu.

Egileek esanean, emaitzek agerian jarri dute kulturak aspalditik izan duela eragin nabarmena gure espeziearen diferentzia biologikoetan; ingurumenak edo elikadurak baino are handiagoa.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia