Koskobiloko fosilek erakutsi dute Nafarroan errinozeroak, lau hartz-espezie eta makakoak bizi zirela Kuaternarioan

2020/11/16 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 80 urte Koskobiloko aztarnategian (Olaztin) aurkitutako fosilak gaur egungo teknikekin berraztertu dituzte ikertzaileek, eta duela 220 mila urteko faunaren ebidentziak aurkitu dituzte: errinozeroak, lau hartz-espezie, orein erraldoiak eta makakoak bizi ziren mendebaldeko Pirinioetan. Nafarroako Kuaternarioko aztarnarik zaharrenak bihurtu dira Koskobilokoak.

Koskobilon aurkitutako hainbat fosil: ezker eskuin, basurde baten letagina, errinozero-espezie baten bi hagin, orein erraldoi baten hagina, pantera baten letagina, kobazuloetako lehoi baten hagina, txakur basati baten baraila eta erbinude baten baraila. Arg. Asier Gómez Olivencia.

Emaitza esanguratsuak lor daitezke aspaldian aurkitutako arrasto paleontologikoak gaur egungo teknika aurreratuez eta ezagutza zientifikoaz berraztertzen badira. Hala erakutsi du Asier Gómez Olivencia EHUko ikertzaileak zuzendutako ikerketak. 1940an hipopotamo baten letagintzat jo zutena benetan basurde batena zela frogatu, eta mendebaldeko Pirinioetan dagoeneko iraungi diren dozenaka animalia prehistoriko bizi zirela argitu dute. Tartean, errinozeroak.

Ezker-eskubi, Asiako hartz beltzaren (Ursus thibetanus) eta haitzuloetako hartzaren (Ursus spelaeus) marrazkiak. Goian, haien haginen hainbat ikuspegi. Arg. Amaia Torres Piñeiro

Fosilen artean, errinozeroaz gain, bi hartz espezieren arrastoak nabarmentzen dira: haitzuloetako hartzaren arbasoa (Ursus deningeri) eta Asiako hartz beltza (Ursus thibetanus). Halaber, aipatzekok dira Berberiako makakoaren (Macaca sylvanus) eta orein erraldoiaren arrastoak ere, Megaceroides generokoak. Espezie horiek guztiak errinozeroarekin batera biziko ziren Nafarroan, Erdi Pleistozenoan (Kuaternarioan).

Seguruenik, oraingoaren antzeko aro interglaziar batean bizi izan ziren animalia haiek Nafarroan. Fauna aberatsa imajinatzen dute ikertzaileek: harrapariek (lehoiek, lehoinabarrek, otsoek eta hienek) aukeran izango zituzten ehizarako zaldi, orein, bisonte, errinozero zein orein erraldoiak. Makako-taldeak ere Koskobilo inguruko mendi-magaletan ibiliko ziren. Aldi berean, Arakil ibaiaren bazterrean, kastoreek presa ugari sortuko zutela irudikatzen dute, eta hartzek ura edateko aprobetxatuko zituztela sarri. 

Koskobiloko aztarnategia Sakanako korridorean dago kokatuta, erliebeak sortutako paso natural batean. Iparraldean, Aizkorri eta Aralar ditu, eta, hegoaldean, Urbasa-Andia. Pasa den mendean, harrobi batean lanean ari zirela, sima bat aurkitu zuten langileek 1940an, eta han, 9,5 cm-ko letagin handi bat. Harrobiko nagusiak Maximo Ruiz de Gaona mikropaleontologoari eraman zion, eta, interesa piztuta, siman animalia-fosil ugari berreskuratzen aritu zen ikertzailea. Hamar urte beranduago, 1950an, itzuli, eta simatik kanpoko hondakinen artean, silex-industria litiko baten 5.000 pieza inguru aurkitu zituen. Paleolitiko garaikoak ziren, eta bazirudien silexa Urbasan bertan lortua zutela. Horrek guztiak J. M. Barandiaranen interesa piztu zuen. 1955an, harrobiko hondakinetara hurbildu eta industria litiko haren 1.146 arrasto gehiago aurkitu zituen.

J.M. Barandiaranek 1955an Koskobilon aurkitutako bi punta, Solutre kulturakoak. Arg. Asier Gómez Olivencia. Creative Commons 4.0.

Aztarnategia guztiz suntsitu zuten harrobiko lanek, baina badirudi 40 m luze inguruko kobazulo horizontala zegola simatik gertu. Ruiz de Gaonak eta Barandiaranek aurkitutako animalien eta industria litikoaren arrastoak ikusita, ikertzaileek uste dute orduko gizakiek (neandertalek lehenik eta sapiensek gero) kobazuloa erabili zutela. Gizakiek han hautsiko zituzten ehizatutako animalien hezurrak, barruko muina atera eta jateko; eta, hezur haien arrastoak, kobazuloaren sarreratik gertu zegoen simatik behera botako zituzten.

“Badirudi bi aztarnategi egon zirela, informazio arkeologikoa eta paleontologikoa eman digutenak —dio Gómez Olivenciak—. Arkeologiari dagokionez, esanguratsuena da Solutre aldiko tailer bat zegoela, silex-puntak ekoizteko erabili zena. Eta, paleontologiaren ikuspegitik, Koskobilon Pleistozeno Ertaineko fosilak metatu zirela nabarmenduko nuke (Nafarroako zaharrenak lirateke): errinozero baten hortzaren gainean espeleotema bat datatu genuen eta 220 mila urteko adin minimoa eman zuen, eta, Cuon priscus, Megaceroides eta Ursus deningeri ere Pleistozeno Ertaineko espezieak dira”.

Berberiako makakoaren (Macaca sylvanus) eta Koskobilon aurkitutako haginaren marrazkia. Arg. Amaia Torres Piñeiro.

“Aurkikuntzarik hunkigarriena makakoaren eta Asiako hartz beltzaren fosilak identifikatzea izan zen, oso ezohikoak baitira Iberiar Penintsulan", gogoratu du Gómez Olivenciak. Bide batez, nabarmendu du potentzial handia duela aspaldian aurkitutako arrastoak berraztertzeak. "Ez bakarrik gaur egun teknika aurreratuagoak ditugulako, baizik eta azkenengo urteotan ezagutza zientifiko asko metatu dugulako ere. Datu gehiago ditugu aztarnategi berriak edo animalia-espezie berriak identifikatzeko. Dimako Axlor kobazuloan Barandiaranek aurkitutako animalien fosilak berraztertu genituenean, esaterako, giza fosil bat topatu genuen, eta lehenengo aldiz frogatu genuen neandertalek otsoak eta katamotzak jaten zituztela eremu kantauriarrean. Neandertaltzat jotzen ziren fosilak benetan gizaki modernoenak zirela ere ikusi genuen. Zierbenako Punta Lucero aztarnategian ere, jaguar europarra (Panthera gombaszoegensis) eta  Mosbach-eko otsoa (Canis mosbachensis) identifikatu, eta Euskal Herriko Kuaternarioko aztarnategirik zaharrena zela argitu genuen”.

Quaternary International aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketa hau diziplina anitzeko eta nazioarteko talde handi baten lanaren emaitza da. Tartean daude EHU, CENIEH, Aranzadi, New Yorkeko, Espainiako eta Portugaleko hainbat museo, eta beste hainbat ikerketa-zentro. Taldeak hamabost urtetik gora daramatza mendebaldeko Pirinioetako giza okupazio zaharrenak eta haien baldintza paleoekologikoak ikertzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia