}

Konputazio kuantiko analogikoa unibertsalki digitalizatu dute EHUk eta Googlek

2016/06/08 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

konputazio-kuantiko-analogikoa-unibertsalki-digita
Enrique Solano eta Lucas Lamata, EHUren QUTIS taldeko ikertzaileak eta Googlekoekin batera ikerketan parte hartu dutenak. Arg. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko QUTIS ikerketa-taldea eta Googleko konputazio kuantikoko taldea lankide izan dira, konputazio kuantiko analogikoa txip supereroale batean unibertsalki digitalizatzen duen esperimentu aitzindari batean. Googleren laborategietan egin dute lana,  eta Nature aldizkarian argitaratu da.

Konputazio kuantiko digitalak ate logiko kuantikoen bidez deskonposatzen du ebatzi behar den arazoa, ordenagailu arrunt baten antzera. Konputazio kuantiko analogikoa, berriz, arazoa ebazteko dinamika jarraitu bat da. Dinamika hau motela izan daiteke, adibidez, tenple kuantikoan oinarritzen den konputazio kuantiko adiabatikoaren kasuan. Esperimentu aitzindari honetan bit kuantiko supereroaleak erabili dira konputagailu kuantiko analogiko bat digitalizatzeko, teknologia arruntean komunikazio-seinaleekin egiten den antzera.

Horretarako, arazoa ate logiko kuantikoen sekuentzia batean deskonposatu da, eta orain arteko konplexutasun handieneko konputazio kuantikoa lortu da: 1.000 ate logikotik gora 9 bit kuantikotan lan egiten. Estrategia horren bidez, unibertsalki ebatzi ahal izango dira optimizazio-arazoak. Aurreratu dutenez, hori erabilgarria izango da finantza-arloan edo material berrien eta farmazia-industriako produktuen diseinuan, besteak beste.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia