}

Konpost-a

1999/02/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lorezaintzan dabilenarentzat "konpost" ez da hitz berria inolaz ere. Baina, azkenaldian, gainerakook ere nahikoa maiz entzuten dugu hitz hori eta, askotan, lur-motaren bat edo lore-ontzietan erabiltzen den substraturen bat dela besterik ez dakigu.

Azken urteetan lorategiak eta errepide bazterrak, batetik, ugariagoak dira eta, bestetik, hobeto zaintzen ditugu. Ondorioz, bertan sortzen den hondakin organikoaren, hots, belar, hosto, kimatutako zuhaitzen adar eta abarren kantitatea ere nabarmen emendatu da. Hori guztia, orain arte, zuzenean zabortegira bota izan da, baina aurrerantzean gauzak aldatzen hasiko dira. Izan ere, konpostajea metodo zaharra izan arren, batez ere lorezaintzan erabiltzen zena, gaur egun hondakin hauek berriz erabiltzeko joera dago eta modu industrialean ekoizten hasi dira. Horren arrazoiak honakoak dira: batetik, gizartean birziklapenaren aldeko kontzientzia indartzea, bestetik, hondakin-mota honek zabortegietan espazio asko behar izatea (ez baita batere konpaktua) eta, azkenik, Europako aztertarau bat dela eta, 2002. urtetik aurrera zabortegietara gai organikorik bota ahal ez izatea. Beraz, ez da harritzekoa azken boladan komunikabide desberdinetan hondakin hauek tratatu eta berriz erabiltzearen inguruko berriak ikusi eta entzutea.

Zer da konposta? Nola sortzen da?

Ingurugiro Hiztegi Entziklopedikora joz gero, konposta "hondakin organikoen deskonposizio aerobio kontrolatuaren emaitza den produktua, humusaren antzeko ezaugarriak dituena eta lurra ongarritzeko erabili ohi dena" da. Hondakin organiko, deskonposizio aerobio... zer ote da hori guztia? Azal dezagun bada.

E. Imaz

Konposta egiteko, berez, edozein hondakin organiko erabil daiteke. Hondakin honen jatorria etxeetako zaborra (adib., elikagai hondakinak), nekazaritzako hondakinak (adib., landare zein animalien hondakinak, hiltegietako zaborrak), lorategietako landare-hondakinak edo hondakin-uren arazketan eratzen diren hondar-lohiak izan daitezke. Bildu ondoren, hondakinak metatu egin behar dira ustelketa edo deskonposizioa has dadin. Deskonposizio aerobio oxigenoarekin gertatzen denari (adib., sukaldean ahaztutako arrainaren usteltzeari) esaten zaio (aitzitik, deskonposizio anaerobioa oxigenorik gabe burutzen den usteltze-prozesua da; adibidez, arrautzen usteltzea oskol barruan). Konposta sortzeko deskonposizio-prozesuan bi fase bereiz daitezke. Hasieran, mikroorganismoek pixu molekular baxuko karbohidrato eta proteinak (azukreak, hemizelulosa...) deskonposatzen dituzte, eta tenperatura azkar igotzen da. Ondorengo ontze-fasean, erraz degradatzen ez diren molekula organikoak (zelulosa kasu) deskonposatzen dira, tenperatura ia bere horretan geratzen delarik.

Oro ar, bi prozedura tekniko nagusi daude deskonposizio hau egiteko: metakako konpostajea eta konpostaje azkartua. Lehenean hondakinak metatan antolatzen dira, atari zabalean, eta prozesua aski naturala da. Nahikoa da zabor-meta heze edukitzea, lehor ez dadin, eta noizean behin nahastea edo iraultzea, meta osoan oxigenorik falta ez dadin. Konpostaje azkartuan, berriz, hondakinak toki itxian jartzen dira, ingurunetik bereizirik, eta hainbat parametro kontrolatzen dira (tenperatura, hezetasuna, aireztapena, karbono/nitrogeno erlazioa, balizko elementuen gehitzea eta abar). Honen helburua konposta egiteko denbora laburtzea da eta, gainera, ematen den tenperatura-igoera nahikoa da mikroorganismo patogenoak, hots, gaixotasunak sortzen dituztenak edo sor ditzaketenak hiltzeko.

Edonola ere, deskonposizioa burutzen duten mikroorganismoak (bakterioak eta onddoak nagusiki) hondakinetan berez daudenak dira. Esan gabe doa, konpostaren konposizioa asko alda daitekeela erabilitako hondakinen, deskonposizioa zein egoeratan gertatu denaren eta hau zenbateraino burutu denaren arabera. Horrez gain, konpostari bestelako gaiak (buztina, landare-lurra...) ere gehi dakizkioke azken produktuari eman nahi zaizkion ezaugarrien arabera. Prozesua bukatzeko denbora hilabete batetik urtebete ingururainokoa izan daiteke, erabiltzen den metodoaren arabera, baina egoki eta erabat burutuz gero, azkenean, emaitza konpost ondua izango da.

Konpost-fabrikak

Metakako konpostajea aspalditik egiten da hainbat lorategi eta mintegietan. Argazkian, azpialdean aurreko urteko konposta ikus daiteke.
E. Imaz

Prozesu hau guztia modu kontrolatuan egin nahi bada, horretarako bereziki prestatutako planta behar da. Bizkaia eta Gipuzkoan jada lanean hasiak daude horrelako zentru bana martxan jartzeko egin beharreko lanetan. Bi kasuetan lorategietako landare-hondakinak erabiliko dituzte konposta egiteko lehengai gisa, berez, mota guztietako hondakin organikoak erabiltzea baino errazagoa baita. Bizkaian, erakunde publikoek bultzata, otsailaren bukaera aldera Derioko Aiarzas gunean zabalduko da landare-hondakinak tratatzeko planta.

Bertan, 1.800 tona landare-hondakin tratatuko dituzte urtero eta, honek, 681 tona konpost sortuko ditu. Gipuzkoan, ordea, ekimena pribatua da. Zerain inguruan hil honen hasieran abiarazitako plantan Gipuzkoako hondakin gehienak konpostatzeko asmoa dute (Donostia inguruko San Markos mankomunitatetik soilik 3.000 tona inguru eskuratuko lituzkete). Azken honetan ingurune publikoen kudeaketatik sortutako hondakinez gain, pertsona edo erakunde pribatuek sortutako landare-hondakinak ere jasoko dituzte. Azkenik, Nafarroan (Arazuriko araztegian bertan) ere bada antzeko produktua egiten duen enpresa, baina haiek lohi-hondakinak erabiltzen dituzte lehengai gisa, gero, landare-hondakinak nahasteko.

Nolanahi ere, konposta egiteko landare-hondakinak erabili ohi direla kontuan izanda, haiek bildu ondoren zuntzak atera, birrindu eta homogeneizatu egin behar dira (egurra batez ere) metatu eta usteltzen hasi aurretik. Erabili beharreko tresneria berezia izango da, noski, zuntzak ateratzeko makina, metak nahastu edo iraultzeko tresna eta meten barruko tenperatura eta hezetasuna neurtzeko sistema aipagarriak izanik. Amaierako produktua lorategi, ezponda, futbol-zelai eta abarretan erabil daiteke. Izan ere, mikroorganismo ugari duenez eta ura atxikitzeko ahalmen handia duenez, oso egokia baita lurrarekin nahastu eta hori biologikoki aberastu eta ontzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia