Elhuyar zientziaren komunikazioa

Komunikazio kuantiko segurua lortu dute, mikrouhinen maiztasun-tartean

2019/06/19 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

komunikazio-kuantiko-segurua-lortu-dute-mikrouhine
Garatutako protokoloaren ilustrazioa, urrutiko aginte bidez egoera kuantiko bat prestatzen Arg. Walther-Meißner Institutua

Quantum Flagship proiektu europarraren barruan, egoera kuantiko bat urrutitik prestatzeko protokolo bat garatu dute esperimentu batean. Protokolo horren berezitasuna da mikrouhinen maiztasun-tartean egiten duela komunikazioa, hain zuzen, ordenagailu kuantiko guztiek lanerako darabilten maiztasunean. Ikerketak lehen aldiz frogatu du maiztasun-tarte horretan ere egin daitekeela komunikazioa, eta horrek iraultza eragin dezake datozen urteetan komunikazio kuantiko seguruaren eta mikrouhinetan diharduten radar kuantikoen alorretan, azaldu du proiektuaren ikertzaile nagusi Mikel Sanz Ruizek (EHUko Kimika Fisikoa Saila).

Korapilatze kuantikoaren fenomenoa dago egoera kuantikoak urrutitik prestatzearen oinarrian: korapilatuta dauden partikula-multzoek beren banakotasuna galtzen dute eta entitate bakar bat balira bezala aritzen dira, espazioan bananduta badaude ere. “Horrenbestez, bi ordenagailuk korrelazio kuantiko hori baldin badute, bietako bakarrean eragiketak eginez, bestean ere eragin daiteke. Komunikazio kuantiko erabat seguruak egin daitezke horrela”, dio Sanzek.

Kontzeptu-froga bat izan da, hau da, lehen urratsa, jakiteko aurrera jarrai dezakegula teknologia hori garatzen. "Gure ustez, oso garrantzitsua izan da lehen urrats hori, eta baliteke datorren hamarkadan iraultza ekartzea”, nabarmendu du. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia