}

Kokaina-dosi bakar baten eragina

2001/05/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Droga psikoaktibo askok, adibidez kokainak, dopaminaren jarduera sustatzen dute garunean. Dopamina garuneko eremu zehatz bateko neuronek jariatzen dute; eremu hori oinarrizko beharrak betetzeaz eta, hori lortutakoan, sari- eta atsegin-sentsazioez arduratzen da.

Bestalde, zientzialariek ez dakite asko mendekotasunaren oinarri neurologikoei buruz; esate baterako, oraindik ez da droga batekiko epe luzeko edo etengabeko irrika sortzen duen mekanismoa identifikatu. Ikertzaile batzuek mekanismo hori dopamina askatzen duten neuronen plastikotasunarekin erlazionatuta dagoela uste dute.Nonbait, mendekotasuna sortzen duten drogen etengabeko eraginagatik, eremu horretako neuronen loturak indartu egiten dira eta mekanismoa abiarazten duen gutxieneko kontzentrazioa handitu egiten da.

Aste honetako Nature aldizkarian, Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek, Bonci buru dutela, horren inguruan saguekin egindako lan bat argitaratu du. Dopamina jariatzen duten neuronen sustatzearekin erlazionatutako mendekotasunari buruz in vivo egin den lehen lana da. Ikerketa horretan, sagu-talde bati kokaina eta beste talde bati gatz-soluzio bat eman zieten. Gero, bi substantzia horien errezeptoreen erantzuna aztertu zuten dopaminarekin lotutako garuneko eremuan, eta bi errezeptore-moten erantzunen arteko erlazioa kalkulatu zuten. Izan ere, erlazio horretan aldaketa gertatzeak, garuneko eremu horretan jarduera sustatu dela erakusten du.

Ikerketaren emaitza argia zen: ikertzaileek ez zuten kokaina-dosiaren eraginak hainbeste irautea espero, baina kokaina-dosi bakarrak garuneko eremu horren jarduera 5-10 egunez sustatu zuela ikusi zuten. Gainera, batzuek bigarren dosia jaso zuten eta erantzuna berehalakoa izan zen. Horrek neuronak, lehenengo dosiari esker, aldez aurretik erantzuna emateko prest zeudela frogatzen du.

Ikerketa horrek ez du mendekotasun kronikoaren mekanismoa guztiz argitzen, baina drogen eragina eta drogazaleen jokaera ulertzen laguntzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia