}

Klonatutako behiek osasuntsuak dirudite

2001/11/23 Elhuyar Zientzia

George eta Charlie, Massachusetts-en jaiotako bi behi.

Massachusetts-eko Advanced Cell Technology erakundeko Robert Lanza ikertzaileak han jaiotako 24 behi goitik behera aztertu ditu, eta behi normalak bezain osasuntsuak direla ondorioztatu du. Klonazioz sortutako animaliek arazo handiak izan ohi dituzte. Erraz gaixotzen dira, asko jaio berritan hiltzen dira, eta akats genetiko eta fisikoak izaten dituzte; adibidez, ohikoak baino handiagoak dira eta sistema immunologiko akastuna izaten dute. Massachusetts-eko behiek, aldiz, ez dute arazo horietako bat bera ere agertu.

Gaian adituek ikerketaren emaitza itxaropentsua dela adierazi dute, baina ez lau haizetara zabaltzeko modukoa. Alde batetik, ikertzaileak 110 enbrioitatik abiatu zirelako, 30 besterik jaio ez zirelako eta 6 jaio berritan hil zirelako. Hau da, jaio ondoren behi gehienak normal garatu dira –behi arrunten biziraupen-tasaren parekoa izan dute–, baina abortuen tasa oso handia da, handiegia animaliak masiboki klonatzen hasteko.

Horretan hasi aurretik klonatutako animalien biologiaz gehiago ikasi behar dela ohartarazi dute, baita Massachusetts-eko emaitza onak emaitza txar askoren testuinguruan kokatu behar direla ere. Robert Lanza ere ados agertu da. Era berean, argi utzi nahi izan dute ikerketa horrek ez duela gizakiak klonatzeko inolako oinarririk ematen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia