Elhuyar zientziaren komunikazioa

Klima-aldaketa garagardoraino iritsi da

2008/05/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Garagardogileek ezinbestekoa dute lupulua, ia garagardo-mota guztiak egiteko erabiltzen baitute. Hain zuzen, munduan ekoizten den lupuluaren % 99,5 garagardogintza-industriara bideratzen dute. Maltak berez duen gozotasuna estali eta garagardoari bere usain eta garraztasun bereizgarriak ematen dizkio.

Usain eta zapore bereizgarria ematen dizkio lupuluak garagardoari.

Garratza, beraz, bada, baina horrek ez du landare gogorra bihurtzen. Ahul samarra da, eta, horregatik, zainketa handia behar du. Hori gutxi balitz, gainera, nekazariak hasi dira esaten klima-aldaketaren eragina ere jasaten ari dela lupulua, eta ekoizpena txikitzen ari dela. Horren aurrean, konponbideak bilatzen hasi dira zientzialariak, garagardogintzaren industriak kalterik jasan ez dezan, urtean milioi asko mugitzen baititu industria horrek.

Lupulua, funtsezko osagaia

XIV. mendean zabaldu zen lupulua garagardoa egiteko osagai gisa, eta harrezkero ez da ia aldatu garagardoa egiteko modua. Lupuluaren osagai jakin bat da horren guztiaren erantzulea: lupulina, lupuluaren lore emeek bakarrik ekoizten duten erretxina bat. Usaina eta zaporea emateaz gainera, kontserbagarri-funtzioa ere badu lupulinak. Kolonialismo-garaian, adibidez, itsasontzietan inongo hozte-sistemarik gabe eramaten zituzten garagardo-upelak, eta lupulinaren azidoek gordetzen zuten garagardoa hondatu gabe.

Lupulina, lupuluaren lore emeek bakarrik ekoizten duten erretxina bat da

Lupulua ez da edonon hazten; munduan, latitude-tarte jakin batera mugatuta dago, egunak latitude horietan baino ez baititu lupulu-loreek behar dituzten argi-orduak. Gainera, tarte horretan bakarrik aurki ditzake behar dituen kondizioak: lurzoru hezeak, negu gogorrak eta uda beroak. Noski, barietate bat baino gehiago daude, eta denek ez dituzte behar berak. Adibidez, ekuatoretik hurbilen daudenek bero handiagoa jasotzen dute urrunago daudenek baino, eta horretara egokituta daude.

Klima aldatzen ari garela eta, dirudienez, orain nekez aurkitzen dituzte Europako iparraldeko lupulu-landareek behar dituzten kondizioak. Britainia Handiko meteorologia-agentziak argitaratu dituen datuen arabera, 1980tik hona lehengoak baino beroagoak dira urteak. Nekazari batzuek diote udaberriak lehen baino beroagoak eta neguak epelagoak direla, eta, horren eraginez, lupulu-landareak goizegi ernetzen direla, une batean hazkuntza eten egiten dutela, eta oso lore gutxi ematen dituztela.

Arazoa konpontzeko, ura eta barietate berriak

Arazo hori konpontzeko asmoz dabiltza lupulua esportatzen duten hainbat herrialdetako ikertzaileak. Herrialde beroagoetara bidaiatzen ari dira, hala nola Turkiara edo Hegoafrikara, beroa hobeki jasaten duten lupulu-barietateen bila, beren landareekin gurutzatu eta barietate gogorragoak egiteko.

Lupulua latitude-tarte jakin batera mugatuta dago munduan. Irudian adierazita dago haren banaketa, gutxi gorabehera.

Barietate erresistenteagoak bilatzeaz gainera, lupulu-laboreak ureztatzeko sistemak ezartzea aztertzen ari dira Europako hainbat zientzialari. Orain arte ez zituzten ureztatzen, euri-urarekin nahikoa baitzuten, baina hemendik aurrera ezinbestekoa izango omen da uda beroetan irauteko. Europako Batzordeak dagoeneko sei milioi euro banatu ditu Alemanian lupulua hazten duten nekazarien artean, laboreak ureztatzeko sistemak jar ditzaten martxan.

Estatu Batuetan dagoeneko ezarri dituzte ureztatzeko sistemak. Hango lupulua hazteko zentroan diote konponbidea oso eraginkorra izan dela, eta, orain, landareek arazorik gabe jasaten dituztela udako beroak. Ikusiko dugu, bada, Europan neurri horiek hartutakoan lupuluaren krisia gainditzen duten. Hala bedi, garagardoarenak egin ez dezan, edo, beste ikuspuntu batetik begiratuta, garagardozaleen poltsikoarenak egin ez dezan, horrek guztiak garagardoaren prezioak izugarri igotzea eragingo luke eta!


Deia -n argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia